Aurkeztu zure burua.
1925ean sortu nintzen Urdazubin dagoen Bordaxuria baserrian eta zortzi anai-arrebetan azken aitzinekoa naiz.
Nolako haurtzaroa izan duzu?
Gogorra. 7 urterekin hasi nintzen eskolan eta 11rekin gelditu behar izan nuen. Anaiak gerlara joan ziren eta etxean lagundu beharra zegoen...
Eskolatik aterata...
Eskola akituta etxerantz abiatzen ginen, oinez ordu eta erdiko bidea baikenuen...
Eskolan euskaraz egitea debekatu izan dizute?
Erdaraz egiten genuen, maisu-maistrak erdaldunak baitziren; gure artean, euskaraz eta erdaraz. Burlak jasan ditut baina ez euskalduna izateagatik, baserrikoak ginelako baizik.
Denbora librean zer egiten zenuten?
Jolasordua goizetan bakarrik izaten genuen eta sokasaltoan, gordeketan edo kaniketan aritzen ginen. Egun, haurrek sobera aparatu moderno dituzte ikaskide baten laguntasuna estimatzeko...
Etxean edota etxetik kanpo lan egin duzu?
Nekazaria izan naiz duela 13 bat urte arte. Ardiak jetzi etagasnak egiten genituen, bai etxerako baita saltzeko ere. Horretaz gain, jostuna izana naiz. Oroitzen naiz herriko etxeetako jendea kontent paratzen zela arropak egin edo konponduta. Jendeak pagatuz edo bazkaltzera gonbidatuz eskertzen zidan.
Kontrabandoa ezagutu duzu?
Etxekoak hortan aritzen ziren. Gu poliziaren beldur izaten ginen, baina laborantzatik sos gutti ateratzen zen bizitzeko.
Herriko bestetan ateratzen zinen?
Arratsaldean plazara joan, dantza pare bat egin eta ilunabarrean etxera bueltatzen ginen, azienda lanak genituen. Gaur egungo gazteek ez dute horren kezkarik.
Oroitzapen on eta txar bat?
Momentu politena ezkondu eta familia osatu nuenekoa. Txarrena, 6-13 urte bitarteko lau haurrekin alargundu nintzenekoa eta alaba Maite galdu nuenekoa.
Zer egiten duzu egunerokoan?
Bizitza lasaia daramat: berriak aditu, josi, irakurri, paseatu...
93 urterekin sasoi ederra...
Momentu gogorretan aitzinerat ateratzen jakin behar da. Barne indarrak lagundu nau.