Senpereko ihauteriak otsailaren 23an ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 20a, 13:00

Ihauterietarako gogotsu daude Senperen ere.

Azken urte hauetan bezala, Zaku Zaharrak elkarteak Senpereko ihauteriak antolatu ditu. Usaiako egitarauari atxiki zaizkio oro har, eta aldaketa gutti eman nahi izan dute. Otsaileko lehen hiru larunbatetan, gazteek auzoetako senpertarrei xingar eta arraultzak eskatuko dizkiete: hilaren 2an Urgurrin, 9an Ibarrunen eta 16an Hergarain. Baina egun handia larunbat hau izanen da.

Egun osoko besta

Otsailaren 23ko goizean ere herri erdialdeko bi etxeetarat ganen dira eskean, asteburu handia berotzen hasteko. Ondotik, herriko barneko hiru ostatuk pintxo potea proposatuko dute, hiru eurotan. Ben Fourt-Arteaga Zaku Zaharren lehendakariak azpimarratu duenez, «lehenengoz antolatuko dugu pintxo poteoa tabernekin, bertze urteetan bazkaria guhaurrek sukaldatu izan dugu, Herriko Etxearen aitzineko oihal etxearen azpian. Tabernek gogotik onartu dute. Gainerat Xupz txaranga etorriko zaigu giroa berotzeko. Hiru neska dira, bik trikia jotzen dute eta azkenak txistua. Izigarri erakargarriak dira: jendea kantuan paratzen dute».

15:30etik goiti, Senperen Kantuz eta Zirikolatz dantza taldeek bazterrak mugiaraziko ditutze, eta 16:00etan Zirikolatzek krakada prestatuko du. Denbora berean Mutxikoen zaleek dantzatzeko parada izanen dute, Saltoka elkarteko musikariekin.

Auzia baino lehenago desfilea edo ibilaldia osatuko dute elkarte zonbaitek, Hazparneko joaldunen gibelean ikusten ahalko dira Donapaleuko erraldoiak beren gaiteroekin, trikititxa eskolako ikasleak Mada beren irakaslearekin, Senpereko danborrada eta nahi duten guziak. 18:00etan San Pantzar auzitan emanen dute eta erreko dute.

Ondotik lekukoa hartuko du Elutxa txarrangak, eta Zaldubi Ikastolako gurasoek haiek egindako jatekoa salduko dute, tarta eta kixak.

23:00etatik 02:00etarat  DJ Amelie eta Alaia ariko dira gaualdia animatzeko eta eguna borobiltzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun