Tuteran eta Urdazubin jokatuko dira 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi saioak, asteburuan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 5a, 12:00

Tuteran eta Urdazubin ariko diren bertsolariak.

Igandean 17:30ean hasiko da bigarren saioa Urdazubiko Kultur Etxean

Abiatzear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean jokatuko da Tuteran lehen final-laurdena, eta igandean bigarrena, Urdazubin. Guztira, lau final-laurden izanen ditu txapelketak, eta horiek igarota hasiko da finalaurrekoen fasea. 

Larunbatean, Tuteran, ondoko sei bertsolari hauek izango dute txapelketari hasiera emateko ardura: Aimar Karrika, Eneko Fernandez lesakarra, Alazne Untxalo iturendarra, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre. Maialen Belarra doneztebarra ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Tuterako Musika Eskolan (Mercadal plaza, 7). Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tuterako Argia Ikastolaren, 2019ko Nafarroa Oinez-aren, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eta Tuterako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Igandean izanen da bigarren final-laurdena, Urdazubin. Taula gainean izanen dira Julio Soto gaur egungo txapelduna, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu iturendarra, Iban Garro lesakarra, Irati Majuelo eta Sahats Aleman bertsolariak. Ainhoa Larretxea beratarra izanen da gai-jartzailea. 17:30ean emanen zaio hasiera, Urdazubiko Kultur Etxean (Urdazubiko Monastegiaren aldamenean). Urdazubiko Udala da saioan laguntzaile.

Batean zein bertzean, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan. Haiena izanen da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera; gainerakoek, final-laurden guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 24 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, eta 18rentzako tokia izanen da finalaurrekoetan.

 

Sarrerak salgai

Zazpi eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, lau eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta bortz eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere: Tuterako kasuan, Herriko Tabernan eta Nafarroa Oinez dendan. Urdazubiko kasuan, udaletxean, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 15:00etara bitarteko ordutegian.

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun