Udan langileak hartzeko deialdia egin du Sarako Herriko Etxeak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 2a, 11:00
Uda garaiko lanean ariko dira ikasleak.

Interesatuek lana eskatzeko fitxa beteta eta gainerako dokumentuak otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dituzte Herriko Etxean

Udako hilabeteetan hainbat lan egiteko gazteak kontratatzen ditu Sarako Herriko Etxeak eta aurten ere helburu horrekin deialdia egin du. Igerilekuan aritzeko, zerbitzu teknikoa eskaintzeko eta aisialdi zerbitzuan aritzeko izanen dira eta ikasleentzat gordetako lanpostuak izanen dira. 

Ikaslea izatez gain, herrian bizitzea bertze baldintzetako bat izanen da, baita 17 urte eginak izatea ere. Euskalduna  izatea baloratuko dute. Interesatuek lana eskatzeko fitxa beteta eta gainerako dokumentuak otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dituzte Herriko Etxean.

 

Hilerrien prezioak

Sarako Herriko Kontseiluak hilerrien prezioak zein izanen diren ere jakinarazi du. Horren arabera, lurra 200 eurotan eskainiko du eta 50 urteren buruan berriz berritu beharko da hitzarmena. Hilobien kasuan, sei hobi dituenak 2.035,02 euro ordaindu beharko dira (zergak barne) eta bederatzi hobikoak, berriz, 2.277,40 euro (zerga barne).

 

Lokalak errentan

Sarako Olhain eraikineko bi lokalak ere errentan eman ditu Herriko Kontseiluak. Horietako bat Anne Marie Rastelek hartu du eta bertzea Duinat senar-emateek. Bi kasuetan bederatzi urtetarako hitzarmena sinatu dute eta bakoitzak hilabetero 550 euroko kuota ordaindu beharko du, zergak barne.  Rastelek arte galeriarako erabiliko du eta Duinatek joskintza tailerra. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun