'Senperen kantuz' CDa plazaratu dute Brave-Bessonartek

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 11a, 19:00
Martxel Brave eta Jean-Noel Bessonart, diska eskuetan duela.

Orain dela berrogei urte egina zituzten bi diskoetako 13 kantuak CD bakar batean elgarretaratu dituzte 

Senpere aldean gutti dira Jean-Noel Bessonart eta Martxel Brave kantariak ezagutzen ez dituztenak, 1980ko hamarkadan arrakasta ederra izan baitzuten Iparralde osoan, oholtzen gainean. Orduan bi disko grabatu zituzten, eta badu bulta bat agortuak direla, zaleen dohakabetasunerat. «Betiko adiskideak gara Jean-Noelekin, elgarrekin kantuz aritzeko usaia genuen. 1980ko hamarkadaren hastapenean Lehen Saria irabazi genuen Baigorrin, kantu txapelketan, eta hortik landa kantaldietan ibilki hasi ginen, disko bat egin eta urte baten buruan bigarrena» dio Martxelek. 

«Kantu guztiak CD bakarrean bildu ditugu»

Aspaldi disko guziak salduak direlakotz, «jendeak ari ziren galdezka, ez zutela nihun ere atzematen ahal. Eskasa bazela agerian genuen. Jendeen atseginarentzat kantu guziak bildu ditugu CD batetan emaiteko» argitu digu Jean-Noelek. Hamahiru kantuko diska da, beraz, batzuk herrikoiak Hondarribia edo Prima eijerra bertzeak bertze.

Gainerateko zonbait Istilarteko Jean-Pierre Soudre Gabarruz 'Larreko'k berak idatzi ditu, diskari izena ematen dion Senperen Kantuz bezala, batzuetan Jean-Noelekin (Lana Euskadin, Politika hoietan), doinua asmatzen zuelarik maiz Martxelek.

Kantaldirik eginen ote duten galdetuta, aldiz, ez dela batere errana baieztatzen du Martxelek : «Ez da gure xedea egia erran. Orduko boza ez dut gehiago, eta bat eman bageneza, bertze batzu eman behar genituzke doike!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun