Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 22an etorriko dira Sararat

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 21a, 07:27

Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria eginen diete Saran larunbatean.

Larunbatean 16:00etatik goiti krakada, kalejira, musikariak, kantariak, Pontx pailazoa, aperitifa... izanen dira

Euskal Herriko bertze tokietara ailegatu aitzinetik, Saran eginen dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, eskola publikoak, Olhain ikastolak, merkatarien elkarteak eta Herriko Etxeak gomitatuta, bisitan izanen baitira abenduaren 22an. Eta behar bezalako ongietorria egiteko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

 

Larunbatean 16:00etan plazan egin dute hitzordua eta eguneko bi protagonistak hurbildu bitartean, haurrei krakada eskainiko diete. Burasoek, berriz, arno beroa hartzeko aukera izanen dute. Pontx pailazoa ere plazan izanen da haurrei ikusgarria eskaintzeko.

17:30 aldera Olentzero eta Mari Domingi ailegatuko dira eta beraiekin plazan itzulia eginen dute kanta eta musika lagun dutela. Ondotik, neska-mutikoek Olentzerori eta Mari Domingiri kantak eskainiko dizkiete eta horrekin batera, musu emateko aukera ere izanen dute, baita karroan itzuliak egiteko parada ere. Segidan aperitifa izanen da herriko kantariek eta musikariek alaitua.

 

Herritarrei parte hartzeko gomita

Antolatzaileek haur, buraso eta familiako gainerako kide guztiei parte hartzeko deia egin diete. Eta horrekin batera, baserritarren arropak janzteko mezua ere luzatu dute, «kriseilua ahantzi gabe, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorririk beroena egiteko gisan».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun