«Beti euskal taldea izan gara eta orain Euskal Herrian jokatzen dugu»

Gurutze Pikabea 2018ko abe. 2a, 11:00
Patxi Jauregik hamabortz urte daramatza Sarako Izarra errugbi elkartean lehendakari lanetan.

PATXI JAUREGI Sarako Izarra Errugbi Elkarteko lehendakarietako bat


Frantziako ligan 40 urte baino gehiagoko ibilbidea alde batera utzita, aurten Euskal Herriko ligan jokatzen hasi da Sarako Izarra errugbi elkarteko helduen taldea. Kontent dira hautuarekin.

 

Aspaldikoa zen ametsa eta eman dute urratsa. Ausartu dira eta kontent dira hartutako bidearekin. 1972an Sarako Izarra errugbi elkartea sortu zenetik, bere urratsak Frantziako Federazioarekin egin ditu, frantziar estatuko ligan. Aurten, ordea, 40 urte baino gehiagoko ibilbide hori gibelean utzita, helduen taldea etxera, Euskal Herrira, begira jarri da: Euskal Errugbi Federazioan sartu eta Euskadiko Ligan jokatzen hasi da. Bigarren mailan sartu da, zazpi taldeko txapelketa batean. Azken 15 urteotan elkarteko lehendakarietako bat den Patxi Jauregi saratarra izan da aldaketa horren lekuko nagusia, bide-urratzailea. Jauregirekin batera Stephane Lasaga da elkarteko bertze lehendakaria.


Nola hasi zen guztia?
Helduetan, egoera zaila genuen, inguruko talde guztietan bezala, arazoak genituen jokalariek ez zutelako segitzen. Horri nola buelta ematen ahal genion pentsatzen hasi ginen eta lehendik buruan genuen ideia ukan genuen, euskal ligara joatearena, hain zuzen. Euskal Herriko Errugbi Txapelketa bi aldiz antolatu genuen Saran eta horrek Hegoaldeko bertze taldeekin harremanak egin eta sendotzeko balio izan zigun. Ideia hori buruan izanagatik, ez zen batere erraza jende guztia gurekin etortzea. Azkenean, solas eginez, eta gaur egun helduen taldean diren gazteak euskaldunak direla ikusita, ideia proposatu eta berehala baietz erran ziguten. Beti euskaldunon errugbi taldea izan gara eta orain, Euskal Herrian jokatzen ari gara.


Zaila izan da bidea?
Hastekoz, historia alde batera utzi eta bertze bide bat ireki behar genuenaren mezua esplikatzea konplikatua izan zen. Administratiboki, berriz, Frantziako Federazioarekin harremanak zailak izan dira. Bordelera joan eta euskaldunak ginela errandakoan, hastekoz, ideia ez zuten konprenitu. Bi orenez solastatu ginen beraiekin, gure ideia esplikatu genien eta pixka bat trufatu egin ziren. Haientzat errugbiak maila apalagoa du Hegoaldean, ez da frantziar estatuan bezala profesionala, eta ez dute aldaketaren zergatia sentitzen. Ez dute batere ongi konprenitu guk euskal errugbia bizi dugula. Baina haientzat gu talde ttipi bat izanda, ez da larria izan eta gure artean egiteko erran ziguten. Bertzelakoa izan da Euskal Errugbi Federazioaren jarrera; biziki ongi portatu dira gurekin eta behar genuen guztietan lagundu digute.  


Oztoporik jarri dizue Frantziako Federazioak?
Ez dugu haien berririk ukan. Euskal Federazioarekin batera, guk egin dugu dena muntatzeko bidea. Gero, ofizialki gazte guztiak bazoazela erran behar izan nien. Horretaz gain, ofizialki frantsesak izanda, euskal ligan lizentziak hartzeko Frantziako ligaren baimena ere behar nuen, eta 30entzat banaka galdetu behar izan nuen baimen hori. Horretan aspertuak sentitu nituen.  
Helduen taldeak hautu garbia egin du, baina haurren errugbi eskolak Frantziako Federazioan segitzen du...
Bai, ttipiekin bai. Haurrak edo aukera hori bakarrik egiten ahal ez zutenak ez nituen nire bidean eraman nahi. Bakoitzak bere bidea hautatzea nahi nuen eta horregatik egin dugu helduekin bakarrik. Berantago ikusiko dugu.


Erabakiak aldeko eta kontrako jarrerak sortu ditu?
Niretzat zerbait naturala izan da, baina bertze batzuentzat beharbada ez. Ideia sortu zelarik, jende ainitzek sobera konplikatua izanen zela eta ez genuela kuraiarik izanen erraten ziguten, baina egin dugu. Iparraldeko herrietan, Euskal Herritik kanpo euskaldunak gara, baina Euskal Herrian berean ez gara euskaldunak. Sara herri partikularra da, herrikoak bertakoak bederen euskaldunak gara. Abertzaleak ala ez, hori bertze kontua da, baina herri euskalduna izateak ligaz aldatu behar genuela esplikatzen lagundu digu. Badira euskaldunak izatea onartzen ez dutenak ere, baina horiek bazterrean utzi ditugu. Ez gara hainbertze buruhaustetan sartu. Kirol aldetik eta politikoki egin dugun hautua izan da, naturalki sentitu dugun zerbait. Gehiago ere bai, jokalari gazte guztiek segitu dute gurekin. Gaurko saratar gazte ainitz Hegoaldeko jendearekin harremanetan dira, familiarekin, lagunekin, besta egiteko... Maiatzean Herri Aitada antolatu genuen eta giro hori maite duten gazteak dira. Beharbada, duela sei-zazpi urte lehenagoko taldearekin zailagoa izanen zen aldaketa, baina oraingo gazteekin sinplea izan da.


Ligaz aldatuta jokalari gehiago sartu dira...
Bai, justuki erabaki hori hartu ondotik. Eta gainera, berant ukan dute ligaz aldatzeko hautuaren berria. Ofizialki agorril bukaeran jakin genuen baimena genuela eta soberan berant zen taldea muntatzeko, ordurako gazte batzuk bertze taldeetan hasiak zirelako. Urte polita egiten badugu eta benetan ongi pasatzen baldin badugu, heldu den urtean euskal giroko gazte gehiago etorriko direla iruditzen zait. Ikusiko dugu urte baten edo biren buruan zer gertatzen den, baina mezua pasatua da, beharbada ez denek konprenitua, baina pasatua da.  Urrats haundia egin dugula iruditzen zait eta kontent nago.


Herritarren babesa izan duzue?
Badira beti gurekin izan direnak eta izanen direnak, eta badira zer gertatuko den ikusi nahi dutenak. Jendeak, oro har, kuraia ukan dugula erraten du. Nik, mementuko, bikain atzematen dut hautua hartu izana eta helduen taldean ari diren 30 gazteak kontent ikusten ditut. Bertze giroa sortu da taldean, giro polita.


Babesleak mantendu dituzue?
Bai, mantendu ditugu. Aldaketarako ideia sortu zelarik, hainbat enpresarirekin solas egin nuen eta 'Patxi zoaz lasai, guk segituko zaituztegu' erran zidaten. Sarako auzapezak ere babesa eskaini zigun. Babes hori duzularik errazagoa da aitzinera egitea. Bertze bizpahiru laguntzaile zahar ere baditut eta haiek baietz erraten badigute, lasai sentitzen ahal gara.


Euskadiko Ligan hastearekin batera, bazkide txartelak atera dituzue...
Bai, hutsetik hasi gara honetan, herriko ostatuetan eman ditugu salgai eta erantzuna biziki ona izaten ari da. Euskalduntzea eta Euskal Herriko ligara joatea hautatu dugun talde bat gara eta horrek bere balioa du. Guregandik fitsik espero gabe, izpiritu horrekin bat egiten dutenak bazkidetzen ari dira. Oraindik ere badago bazkidetzeko aukera eta bazkide egiten direnek klubeko berriak eta emaitzak etengabe hartuko dituzte eta zozketetan ere sartuko dira.


Zenbateko aurrekontua du errugbi elkarteak?
Frantzian ari ginenean, 40.000-45.000 ingurukoa genuen. Orain pixka bat igoko zaigu baina inguru horretan ibiliko da. Jokalariak prest daude lizentzia gehiago ordaintzeko eta arno botilak ere salduko ditugu dirua biltzeko.


Ligaz aldatu eta bigarren mailan hasi zarete. Nolakoa izan da hastapena?
Biziki ongi hasi gara, giro polita ukan dugu. Egia da errugbiaren aldetik diferentzia handia badela. Bertze taldeak gazte-gazteak dira eta kirol izpiritu izigarria dute gurekin konparatuz. Baina errespetu haundia sumatzen da, haiek ere konprenitu dute zergatik joan garen eta kontent gara. Biziki ongi pasatzen ari gara.

Zein helburu dituzue ligan?
Gazteek lehenbiziko mailara pasatu nahiko lukete, baina ikusiko dugu. Zazpi talde gara eta emaitza onak lortzen ari bagara ere, Logroñok eta Bilbok ere talde polita dute. Mailaz goititzeko bi toki dira eta nire irudiko, hiru taldek izan dezakegu aukera hori.


Nolako etorkizuna ikusten diozu Sarako Izarra errugbi elkarteari?
Polita litzateke Euskal Herriko ligan segitzea. Gure helburuak plazer handi bat hartzea izan behar du, lasai eta umiltasunez joan eta ongi pasatzea, eta beti errespetuz jokatzea. Iparraldean gazteek salbaiagoak direnaren etiketa hori badute, baina Saran beti izan dugu errespetuaren izpiritu hori eta errespetu hori irabaztea izigarria izanen da. Gu ere euskaldunak gara eta errespetuz aritzen gara.


Lehendakari segituko duzu?
Utzi nahi nuen, baina orain hasitako bideak segida baldin badu, ezin dut hemen utzi. Aspalditik nahi genuena bizitzen ari gara. Milesker segitzen diguten guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun