Mattinsalto eta Dilindan taldeak ariko dira Taldekako Xilaba Txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 27a, 06:30

Finala larunbat honetan, abenduak 1, jokatuko da Baigorrin

Eskualdeko ordezkari bakarrak lortu du finalerako txartela, Mattinsalto taldean ari den Ellande Alfaro saratarrak, hain zuzen. Finala 18:00etan hasiko da baina egun osoko besta antolatu dute Baigorrin.

 

Joan den ortziralean eta larunbatean jokatu ziren Taldekako Xilaba Txapelketako finalerdiak. Ortziralean, Suhuskuneko herriko gelan, Mattinsalto (Ellande Alfaro saratarra, Aitor Servier, Pantxika Solorzano eta Xumai Murua Berra) eta Ezkorbrutak (Karlos Aizpurua saratarra, Patxi Iriart, Gillen Hiribarren, Ekhi Erremundegi eta Mizel Mateo) taldeak aritu ziren. Lehia parekatuaren ondotik, azkenean, Mattinsaltok lortu zuen finalerako txartela.

Larunbatean, berriz, bigarren finalerdia jokatu zuten Dilindan (Xan Berterretxe, Nahia Sasco, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Ortzi Idoate) eta Kantiniersak (Joanes Etxebarria, Johañe Sarraillet, Haitz Capot eta Xan Alkhat) taldeek Baionan. Kasu honetan, Dilindan nagusitu zen eta hortaz, bera izanen da finalean ariko den bertze taldea.

Finala larunbat honetan, abenduak 1, Baigorriko Plaza Xoko aretoan eginen da. 18:00etan hasiko da eta ondotik, Manexenea ostatuan afaria eginen dute. Halere, egun osoko besta antolatu dute Baigorrin. Goizean, Eguberrietako merkatua izanen da Plaza Xoko gelan, eguerdian bazkaria Bixentainian eta eguna borobiltzeko, Gaualdia antolatu dute Bixentainian. Finalerako sarrerak eta afarirako apuntatzeko (0033) 559 54 15 04 edo (0033) 674 98 54 75 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun