Taldekako Xilaba txapelketako lehenbiziko fasea bere hondarrera hurbiltzen ari da. Ortzirale eta larunbat honetan, azaroak 16 eta 17, ligaxkako azken bi saioak jokatuko dira. Alde batetik, ortziralean, Kosta ala kosta taldea (Abel Zabala, Andoni Zelaia, Adrian Arruti, Aitziber Zapirain eta Zuhaitz Olazabal) Kantiniersak taldearen (Joanes Etxebarria. Johañe Sarraillet, Haitz Capot eta Xan Alkhat) aurka ariko da Hendaiako Akelarre elkartean. 19:30ean hasiko da bertso saioa.
Larunbatean, berriz, Ellande Alfaro saratarrak eta Aitor Servier, Pantxika Solorzano eta Xumai Muruak osatutako Mattinsalto taldea Azkainen ariko da, Eskukula taldearekin (Paul Moal, Ramuntxo Christy, Bittor Thikoipe eta Pettan Prebende). Azkaingo Xoko Ona ostatuan ariko dira, 18:00etatik aitzinera eginen den bertso afarian.