Bigarren Mailan sartu da Sara, eta zazpi taldeko txapelketa bat abiatu dute urtarrila arteko lehen fasean. Multzoko lehiakideak, hauek dira: Iruñeko La Unica; Iruñeko RC; Zarautz B; Bilbo B; Logroñoko RC Rioja (Espainia) eta Igorreko Arratiko Zekorrak.
Aipatzekoa da Sarako Izarra errugbi taldeak Euskal Herriko errugbi txapelketa antolatu zuela bi urtez, eta ordutik harremanak eginak zituen Hegoaldeko taldeekin ere.
Sarako taldeko bilkura batean errugbilari gazte batek proposatu zuen Euskadiko Ligan sartzea. Orain desagertu den Euskal Kostaldea-Landak ligari baimena eskatu zioten, eta berehala baietza eman zuen. Baina, gero, bidea ez da erraza izan eta Euskadiko Errugbi Federazioaren sustapena funtsezkoa izan zaie horretarako. Euskadiko Ligara pasatzeko behar zituzten lehenik Frantziako Federazioko lizentziak geldiarazi. Egitekoak oro egin zituen Patxi Jauregi, Sarako Izarrako presidenteak: «Hainbat itzuliren ondotik, Sara bilakatu da Euskadiko Federazioko talde berri bat; ez Frantziak, ez Espainiak ez dute ezer egiten ahal», dio presidenteak. Izan ere, Euskadiko Federazioak bere txapelketa antolatzen du eta bere lizentziak banatzen ditu.
Bi jokalarik salbu, beste guziek segitzen dute Sarako Izarrarekin Euskadiko Ligann. Gehiago dena, jokalari berri batzuk sartu dira taldean Euskal Herri mailako izaeragatik. «Sei-zazpi jokalari etorri zaizkigu, bertzela ez zirenak Sarara etorriko», aipatu du Jauregik. Azkenean, hautu argia izan da parte hartzaile guzientzat: Sarako Izarra, Herriko Etxea, diru laguntzaileak. Bortz euskal lurralde dira orain Euskadiko Ligan: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdi.