Saran jokatuko da taldekako Xilabaren hirugarren saioa

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 5a, 06:40
JosebiƱe Agirre zugarramurdiarra (ezkerretik hasita lehenbizikoa) eta Julene Etxeberri saratarra (ezkerretik hasita hirugarrena) Kontrabanda taldean ariko dira, Maddalen Arzalus eta Maindi Muruarekin.

Eskualdeko lau bertsolarik parte hartuko dute Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolariek aurten lehenbiziko aldiz jokatuko duten taldekako txapelketan

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko 44 bertsolarik parte hartuko dute urriaren 12an Gameren hasiko den lehen taldekako Xilaba txapelketan. 11 taldetan banatuta, guztira 11 saioko ligaxka jokatuko dute, ondotik, bi finalerdi eginen dituzte eta final handia abenduaren 1ean izanen da Baigorrin. 

 

11 talde nor baino nor gehiago

11 taldek parte hartuko dute taldekako Xilaban, hiru multzotan banatuta. A taldean ondoko talde hauek ariko dira: Kantiniersak taldean Joanes Etxebarria, Johañe Sarraillet, Haitz Capot eta Xan Alkhat; Ostatu Batuak taldean Irati Alcantarilla, Egoitz Zelaia, Uxue Larrukert, Garbiñe Beraetxe eta Josu Txoperena; Ezkorbrutak taldean Patxi Iriart, Gillen Hiribarren, Ekhi Erremundegi, Karlos Aizpurua (Sara) eta Mizel Mateo; eta Kosta ala kosta taldean Abel Zabala, Andoni Zelaia, Adrian Arruti, Aitziber Zapirain eta Zuhaitz Olazabal ariko dira.

B taldean, Eskukula taldean Paul Moal, Ramuntxo Christy, Bittor Thikoipe eta Pettan Prebendek eman dute izena; Otsoaren 7 umeak taldean Julen Etxeberri, Jon Irazabal, Allande Etxeberri, Oier Urreizti, Miren Artetxe, Elixabet Etxandi eta Ekhi Perrier; Kontrabanda taldean Josebiñe Agirre (Zugarramurdi) , Maddalen Arzallus, Julene Etxeberri (Sara) eta Maindi Murua Berra; eta Mattinsalto taldean Ellande Alfaro (Sara), Aitor Servier, Pantxika Solorzano eta Xumai Murua Berra.

C multzoan, azkenik, Dilindan taldean Xan Berterretxe, Nahia Sasco, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Ortzi Idoate ariko dira; Sasi bertsolariak taldean Iker Altuna, Oneka Jauregi, Ekaitza Irastorza eta Odei Barroso.  Tirrit taldean, berriz, Leire Laskarai, Battit Crouspeyre, Maddi Sarasua, Karine Etxeberri eta Lur Renteria ariko dira.

 

14 saio guztira

Aldiro bi talde izanen dira kantuan, eta hirugarren talde bat entzulegoan epaile lanetan. Lehenbiziko fasean 11 saio jokatuko dira: urriaren 12an Gamereko ostatuan Kantiniersak eta Ostatu Batuak taldeekin bertso-afaria eginen da, 20:00etan, eta Tirrit ariko da epaile lanetan; urriaren 13an, berriz, Altzumartako gelan Eskukula eta Otsoaren 7 umeak ariko dira bertso afarian, 19:00etan, eta Ezkorbrutak izanen da epaile.

Heldu den astean, urriaren 19an, Sarako trinketean, Ezkorbrutak eta Kosta ala kosta ariko dira bertso saioan, 20:00etan hasita, eta Mattinsalto ariko da epaile lanetan. Egun berean, Heletako gaztetxean bertso talo afaria eginen da Dilindan eta Sasi bertsolariak taldeekin. 19:00etan hasiko da eta Kantiniersak taldea arduratuko da euren lana epaitzeaz.

Urriaren 26an Pausuko Xaia ostatuan bertso afaria eginen da, 20:00etan, eta aldi horretan, Kontrabanda eta Mattinsaltok parte hartuko dute. Kosta ala Kosta izanen dute epaile. Egun horretan, Ostatu Batuak eta Ezkorbrutak Urruñako Berttoli elkartean eginen den bertso saioan ariko dira. Otsoaren 7 umeak ariko da epaile lanetan.

Azaroaren 3an Garaziko Luisenia ostatuan bertso saioa eginen dute Otsoaren 7 umeak eta Kontrabanda taldeek. 19:00etan hasiko da saioa eta Dilindan ariko da epaile lanetan. Egun berean, Sasi bertsolariak eta Tirrit Hendaiako Bakarxoko ostatuan eginen den bertso saioa ariko dira, iluntzean. Eskukula arduratuko da epaitzeaz.

Azaroaren 9an Baigorriko Bixentainia elkartean Tirrit eta Dilindan taldeen txanda izanen da, eta Ostatu Batuak epaile lanetan ariko da.

Azaroaren 16an jokatuko dira lehen faseko azken bi saioak. Alde batetik, Hendaiako Akelarre elkartean, iluntzean, Kosta ala kosta eta Kantiniersak ariko dira eta Kontrabanda epaile lanetan. Azkaingo Xoko Ona ostatuan, bertzetik, bertso afaria eginen dute Mattinsalto eta Eskukula taldeekin, 18:00etan. Aldi horretan, Sasi bertsolariak izanen da epaile lanetan ariko dena.

Multzo bakoitzeko onenak bigarren fasera pasako dira, azaroaren 23an Suhuskunen eta Baionan jokatuko diren finalerdietara, hain zuzen. Suhuskuneko saioan A eta B multzoetako lehen taldeak ariko dira eta Baionako saioan C multzoko lehena eta A, B eta C multzoetako bigarren onena. Bi saio horietan lehenbiziko gelditzen direnek lortuko dute abenduaren 1ean Baionan jokatuko den finalerako txartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun