Sarako errebestak ospatuko dituzte urriaren 6an

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 4a, 07:54
Pontx pailazoak emanaldia eskainiko du larunbat arratsaldean Saran.

Larunbat goizean pilota partidak esku huska, aperitifa eta herri-bazkaria izanen dute, arratsaldean pailazok eta gauean musika

Batzuk finitu eta bertzeak hasi. Hala, herriko besten ondotik, errebestei begira jarriak dira saratarrak. Urriaren 6an izanen dira Sarako errebestak eta bertze urte batez, egun osorako egitaraua prestatu du Besten Komiteak. 

 

Larunbatean 11:30ean esku huska pilota partida izanen da. Calvet eta Endarak osatutako bikotea Berreterbide eta Dizabo bikotearen kontra ariko da. 12:00etan aperitifa eskainiko dute baina, horrez gain, ez da animaziorik ere faltako. 14:30ean herri-bazkaria eginen dute.

Arratsaldeko protagonistak haurrak izanen dira, 17:00etan Pontx pailazoak ikuskizuna eskainiko baitu. Eguna borobiltzeko, 21:00etatik aitzinera DJ Jotatxo arduratuko da plaza ingurua girotzeaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun