'Liburua familian' jardunaldia larunbat honetan iraganen da Senperen

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 4a, 06:30
Haurrek irakurketarako txokoa izanen dute jardunaldian.

Larreko Kulturgunean eginen da irakurketaren hitzordua eta mitologia izanen da aurtengo gai nagusia

Irakurketa maite dutenek hitzordua Senperen izanen dute larunbat honetan, urriak 6. Herriko Etxeak, bertze hainbat eragileren laguntzarekin, 'Liburua familian' jardunaldia antolatu baitu laugarren urtez. 10:00etatik 18:00etara liburu salmentaz gain, tailerrak eta animazioak izanen dira eta mitologia izanen da aurtengo gai nagusia. Horren bueltan prestatu dituzte egun osoko ekitaldiak.

 

Goizean ikusgarria, tailerra eta zintzur bustitzea

10:00etan azoka irekiko dute eta Pierre-Marie Nousbaum auzapezak hartuko du hitza.Ondotik, 10:30ean, Pantxix Bidartek musika ikusgarria eskainiko du, Ulisesen Odisea izenekoa.  11:30ean On'Art-en eskutik euskal mitologiaren inguruko  arte plastikoen tailerra izanen da.

12:30ean, berriz, zintzur bustitzea eskainiko dute baina ez da ohiko otordua izanen, janari mitologikoak dastatzeko aukera izanen dela iragarri baitute antolatzaileek.

 

Eguerditik aitzinera gehiago

14:00etan musika tailerra eskainiko du Paxkal Indok eta beranduago, 15:00etan, marrazki maratoia hasiko da, hiru marrazkilari profesionalen eta publikoaren parte-hartzearekin. Aitziber Alonso gazte albumen irudigilea, Adur Larrea komikigilea eta Leo Saint Arroman irudigile gaztea izanen dira aurtengo gonbidatuak. Sortutako lan guztiekin erakusketa eginen dute.

16:30ean Scaramucciarekin irakaurketa animatuak eta antzerkia izanen dira eta 17:00etan Claude Labatek mintzaldia eskainiko du Gau izakiak euskal mitologian izenburupean.

 

Liburu salmenta egun osoan

Tailer eta animazio horiez gain, liburu saltzaileak ere Larreko izanen dira 11:00etatik goiti. Kamishibai ipuinak irakurtzeko teknikak ere bere txokoa ukanen du eta adinaren arabera hainbat eremu prestatuko dituzte: gazteentzat, familientzat... Jardunaldierako sartzea urririk izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun