Estreinako aldiz, Doneztebeko Mendi eta Mendi Ttiki abesbatzak, Donostiako Udalaren Txistulari Banda, Doneztebeko Erreka dantza taldea eta Pauline eta Juliette bikote kantaria eta Jon ItÁaina eta Guy Saldubehere abeslariak elkarrekin ariko dira. Maitasun haundiz aukeratu duten errepertorioa jende aitzinean eskainiko dute, lezeko akustika kontuan hartuta ia osorik egokitu behar izan baitute emanaldia.
Aurpegi ezagunak
Donostiako Udalaren Txistulari Banda Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean ariko da; Doneztebeko Mendi Abesbatza Ion Irazokik gidatuko du eta Mendi Ttiki abesbatzako neska-mutikoak Ruth Etxebeste eta Itziar Irigoienen zuzendaritzapean ariko dira. Erreka dantza taldekoak, berriz, Naikari Galarraga izanen dute saioan gidari.
Dantzari, txistulari eta abeslari horiekin batera, Iparraldeko aurpegi ezagunak gomitatu dituzte: Juliette Alfonso eta Pauline Junquet elkarrekin kantuan ezagun egin diren Itsasu eta Kanboko abeslariek parte hartuko dute, baita Jon ItÁaina (Baiona) eta Guy Saldubehere (Aldude) kantari ezagunek ere.
Sarrerak salgai
Helduendako sarrerak hamabortz eurotan salgai daude eta sei eta hamabi urte bitartekoendako sarrerak, berriz, hamar eurotan. Sei urtetik beheitikoek sarrera urririk izanen dute.
Sarrerak lezean berean erosten ahal dira, baita Berako Agara prentsa-dendan, Doneztebeko Titi ostatuan eta Internetez ere (www.entradascajarural.com atarian).
Ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta ordu bat eta erdiko iraupena izanen duela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, ateak 19:30ean irekiko dituzte.