16:00etan, aizkolari eta harri-altxatzaileekin, herri-kirol erakustaldia prestatu dute eta horren ondotik, lasterketen txanda izanen da.
Haur eta helduen lasterketak
17:00etan, Kontrabandista Ttiki haurrendako lasterketa hasiko da. Adinaren arabera, bi multzotan bereiziko dituzte haurrak: 2007 eta 2012 urteen artean sortutakoak alde batetik, eta 2007a baino lehen sortuak bertzetik. Plaza inguruan eginen dute beraien itzulia eta joaldunak izanen dira gaztetxoen lasterketa irekiko dutenak.
Helduen lasterketa, berriz, 18:00etan abiatuko da plazatik eta 8,4 kilometroko ibilbidean, Zazpi Fago izanen da punturik altuena. Ohi bezala, 36 parte-hartzaile onartuko dituzte gehienez, Herriko Etxeak gomitatuko dituen 18 herrietakoak.
Bertzalde, lasterketako lehenbiziko kilometro eta erdian eta hondar metroetan zakua bizkarrean eraman beharko dute korrikalariek, zortzi kilokoa gizasemeek eta laukoa emakumeek. Horrez gain, lasterketan parte hartzeko, bai haurrek eta bai helduek ere, kamiseta zuria eta galtza urdin luzeak jantzi beharko dituzte.
Izen-ematea
Herriko Etxeak gomita luzatu ondotik, parte hartu nahi duenak Sara Korrikako lehendakariari jakinarazi beharko dio. Haurren lasterketan parte hartzeko, ordea, lehenagotik izena eman nahi dutenek Herriko Etxean egin beharko dute. Halere, egun berean ere apuntatzen ahalko da.