Juan Migel Olaizola zugarramurdiarra: «Bezperan piperrada urririk banatzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 12a, 11:45
Juan Migel Olaizola zugarramurdiarrak aunitz maite ditu herriko bestak.

Azken hogeita bortz urteetan Zugarramurdin bizi da Juan Migel Olaizola. Ez da bertan sortua, baina baditu bertako erroak, «ama zugarramurdiarra nuen», eta enbor beretik du sentimendua: «bertakoa sentitzen naiz». Herrian ditu «familia, antzerki taldea, lagunak...».

 

Bestazale rolean lanik ez

2012az geroztik herriko antzerki taldean parte hartzen du: «Hondarribian antzerkia egiteko apez bat behar zutela erran zidatenean hasi nintzen». Ordutik, «gustatu» egin zitzaion eta egun «sartua naiz» adierazi digu. «Adin eta kuadrilla» anitzetakoak biltzen dira eta «elkar ikusteko aitzakia da». Guti goiti-beheiti «hogoita bortz lagun» biltzen dira, eta «laguntasun» giroa izaten dute: «emanaldirik ez dugularik pena hartzen dugu, bazkariren bat pentsatzen hasten gara».

Hasieran «inkisidore rola egiteko» sartu bazen ere, pixkan-pixkan «akerrarena» ere hartu du. Inkisidorearen rolean «aurpegia biluzik» izateak eta «solas aunitz» egin beharrak «indartsuago» sentiarazten du. «Jendea izutzeko eginkizunak» baldintzatzen du «solasaren tonua, erritmoa...». Akerraren rolean «ahotsik gabe jarduteak» bertze alderdi batzuk nabarmentzea eragiten dio: «pauso lasaiak ematea, jarrera segurua eta irmoa islatzea» dira gakoak. Ederki ikasi ditu gakoak. Hartzen dituen rol guztiak, ordea, ez dira ikasiak, bada berezko duenik. Ondoko egunetan hartuko duen bestazale rola erraterako, berez datorkio: «urtean zehar ez naiz aunitz ateratzen baina bestetan maite dut» adierazi digu.

 

Herri tapia, besta handia

Familiarekin «elkartuz, dantzatuz, gozatuz» eta «alimaleko bestarik gabe, lasaiki» pasatzen ditu egunak. Bezperan «haundixkoa» egiten ez badu, «egunero» ateratzen da Olaizola: «herri-kirolak, ah-te jokoa, dantzaldia...». Batetik bertzera ibiltzen bada ere, gustukoena «hondar eguneko zikiro jatea» izaten du. Areago, bezperatik prestaketa-lanetan laguntzera joaten da eta 18an egun guztian lezean izaten da: «ez naiz lehendabizikoetarik joaten, ni baino gehiago egiten dutenak badira frango» gaineratu du. Halere, dena akitzen delarik ez zaio bildu beharra dagoela ahanzten: «akitu artean, han izaten naiz». Zikiroak duen «xarma» tokiari eta herritarrei zor zaie: «lezean egiten delako eta herritar guztiak elkarlanean jarduten dugulako, berezia da». Lagunen, familiaren, eta bereziki, aitaren arrimuan hasi zen laguntzen. Aita, oraindik orain, hor izaten da, zikiroa erretzen: «gehienak helduak dira, aitak erraterako 80 urte ditu, baina horren ongi egiten dutenez ez dugu zikiroa erretzen ikasteko beharrik izan. Halere, gazte batzuk ikasten ari dira: nire koinatua, Dominik... ». Ez da lan makala, 800 bazkari-txartel egiten dituzte eta «jendea txartelik gabe gelditu izan da», herri ttipian besta haundia izaten den seinale. Bada, bertze zantzurik: «200 biztanleko herri batean sei ostatu daude eta hori ere bada besta giroaren adierazle». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun