Kalakan taldeak hiru emanaldi eskainiko ditu abuztuan Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 10a, 06:40

Kalakan taldeak Sarako lezeetan eskainiko ditu emanaldiak hiru gauez, gauero aldatuko duten lagun musikariekin.

Abuztuaren 21, 22 eta 23an, 21:30ean hasita 

Pierre Sangla, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau Euskal Herriko hiru perkusionista ezagunak berriz ere lezeetan izanen dira  uda honetan. Aitzineko urteetako arrakasta ikusi ondotik, baina bertze lagun batzuez inguratuta, abuztuaren 21etik 23ra hiru emanaldi eskainiko dituzte.

 

Abuztuaren 21ean, hiru perkusionistak Oihaneko Zuhainetan orkestrarekin ariko dira. Biharamunean, abuztuak 22, Maitane Sebastian biolontxelo-jotzaile iruñearrararekin eskainiko du Kalakanek emanaldia. Finitzeko, abuztuaren 23an, Alexandre Arkhintcheev kantaria izanen dute kontzertuan lagun. Hiru egunetako emanaldiak 21:30ean hasiko dira.

 

Sarrerak salgai

Dagoeneko sarrerak salgai daudela jakinarazi dute lezeetatik eta www.grottesdesare.fr atarian eros daitezke. Hamalau urtetik goitiko gazteek eta helduek 18,70 euro ordaindu beharko dute kontzertu bakoitzera sartzeko eta bortz eta hamahiru urte bitartekoek, berriz, 13,20 euro. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun