Frantziako Tourreko etapa dela-eta, trafikoa mugatuko dute larunbatean Dantxarinea aldean

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 27a, 09:16

Tour bikaina egiten ari den Mikel Nieve Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupekoan Ikusteko aukera izanen dute txirrindulazaleek.

Dantxarineatik Ainhoara autobusa aterako da hamar minutuero 

Senpere eta Ezpeleta lotuko dituen erlojupeko etapa jokatuko da uztailaren 28an, larunbatean. Hori dela-eta, Foruzaingoak Dantxarinea aldean trafikoa 12:00etatik 17:30era mugatuko duela jakinarazi du eta denboraz joateko eta autoa errepidean ez uztea aholkatu du.

 

Pinodietako kaxkoan 3.000 ibilgailurendako aparkalekua egokituko dute eta hau betetzen denean, Dantxarineko benten inguruan egokitutako lekuetan aparkatzeko modua izanen da, hauek ere bete arte. Hori gertatzen denean, ez dute ibilgailu gehiago pasatzen utziko.

 

Autobusa Dantxarineatik

Txirrindulazaleak Tourreko etapa igarotzen den ingurura hurbiltzeko, Dantxarinetik Ainhoara autobus zerbitzua izanen da 08:00etatik 12:00etara joateko eta 16:00etatik 20:00etara itzultzeko, hamar minutuero.

Jendetza espero denez, Foruzaingotik ailegatzeko behar duten denbora planifikatzea, aginduak betetzea eta zirkulazio-arauak errespetatzea eskatu dute, batez ere ibilgailuak errepidean ez uztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun