Marmoles Baztan enpresak 150.000 euro zor dizkio Urdazubiko Udalari

IƱigo Imaz 2018ko uzt. 22a, 09:45

Urdazubin ez da harrobi berririk baimenduko, Udal Planaren aldaketa onartu ondotik.

Ikaburu nahiz Alkerdiko harrobien inguruak babestuak izanen dira ekainean onartutako Udal Planaren aldaketarekin

2014ko uztailean Marmoles Baztan enpresak ustiatzen zuen Alkerdiko harrobian gertaturiko eztanda batek izua eta kezka sortu zituen, izan ere, hainbat etxe dardaratu egin ziren leherketaren eraginez. Ondorioz, hainbat protesta eta ekimen antolatu ziren harrobiaren ustiapenean egin ziren aldaketak salatzeko.

 

Alkerdiko harrobiaren ustiapena aspaldikoa da. Nafarroako Gobernuak babestuak zituen Alkerdi nahiz Berroberriako lezeak. 1999ko Plan Orokorrean, Udalak harrobien ustiapen gunean zeuden Zelaietako lezeak ere babesteko neurriak paratu zituen. 2003an, Herriko Etxeak lizentzia munizipala eman zion Marmoles Baztan enpresari. 2006ra arte, urtero enpresak Udalak ezarritako baldintza zorrotzak bete zituen, batez ere dardarek babesturiko lezeetan izan zitzaketen eraginen gaineko txostenak aurkeztuz herriko agintariei.

Bi urte luzez geldirik egin ondotik, 2013an Nafarroako Gobernuak ustiapen teknika berriak eta lan esparru zabalago bat baimendu zion enpresari. Protestak, ekimenak eta mobilizazioak biderkatzen joan ziren eta, azkenik, Herriko Etxeak isuna ezartzeko espedienteak ireki zizkion enpresari. 2016ko irailean, Nafarroako Gobernu berriak Alkerdiko babesgunea zabaldu eta Interes Kulturaleko Ondare izendatzeko erabakia hartu zuen. 2015ean Udalak irekitako espediente berrien ondorioz, Marmoles Baztan enpresari isunak ezarri zitzaizkion, baina Udalak ez zituen isunak kobratu nahi izan. Santiago Villares alkatearen hitzetan, errekurtso guztiak bukatu bitartean ez zen komeni isunak kobratzea, epaileek Marmoles Baztan enpresari arrazoia emanez gero diru hori itzuli beharko baitzen. Urdazubi Elgarrekin taldearen iritziz, arriskutsua zen, izan ere Marmoles Baztan ERE egoeran sartzekotan zailagoa izanen baitzen isunak kobratzea.

Epaiketak eta helegite eta administrazioarekiko auzi-errekurtso guztiak argitu dira 2018an. Azkenak maiatzean. Batean, Interes Kulturaleko Ondare izendatzeko erabakiaren kontra egindako auzi-errekurtsoa galdu du enpresak Nafarroako Gobernuaren nahiz Udalaren kontra. Bigarrenean, Udalak ezarri zion isun urbanistikoa errekurritu zuen Marmoles Baztanek, eta epaiak Udalari eman dio arrazoia. Isunaz aparte, 2017an ingurugiro arloan izandako arau-hausteagatik ezarritako isunaren kontrako auzi-errekurtsoan epaileek arrazoia eman zioten Urdazubiri.

Epaiketa guztiak bukatuta, enpresak ingurugiro nahiz hirigintza arloko isunak ordaindu behar dizkio Udalari. Guztira, interesak atxikituta, 150.000 euro zor ditu enpresak, baina likidazio fasean dagoenez, orain arte soilik 824 euro kobratu ditu Udalak. Seguruenik beranduegi izanen da kopuru hori guztia kobratzeko.

 

Plan Orokorraren aldatzea

2018ko ekainean, Udalak abian jarri zuen Plan Orokorra aldatzeko prozesua, harrobi nahiz lezeei dagokionean. Aldaketa horien ondorioz, Ikaburu nahiz Alkerdiko harrobien guneak babestuak izanen dira. Ekainean udal batzarrean aho batez erabaki zen Udal Planaren aldaketa egituratzailearen aldaketa. Onespen hori, hasierakoa da oraindik, helegiteak egiteko fasean Urmeneta arkitektuak aurkezturiko txostena onartu zelarik. Aurrerantzean, herrian ez da harrobi berririk baimenduko prozesu hau akitzen denean eta behin betiko onarpena gauzatzen denean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun