Zugarramurdik ere filmetako agertokietan egun batez aktore izateko aukera emanen du

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 20a, 07:29

2012an grabaketak egin zirenean bezala, 'Zugarramurdiko Sorginak' pelikularen aktore izateko aukera izanen dute bisitariek abuztuaren 5ean, 12an eta irailaren 9an.

Aurten, bertako artisau-produktuez osatutako menuaz gozatzeko aukera izanen da filmazioekin bukatzean

Nafarroak egun batez aktore bihurtzeko aukera eskaintzen die, berriro ere, bisitariei Nafarroan bertan grabatu diren hiru pelikulen filmazioan parte hartuz: ‘Zugarramurdiko Sorginak’, ‘Robin eta Marian’ eta ‘Anacleto, isileko agente’, Nafarroako eszenatoki zinematografikoenetan esperientzia paregabea bizitzeko aukera. 

 

Zugarramurdiko lezeetan Álex de la Iglesiaren ‘Zugarramurdiko Sorginak’ filmean bezala; Sean Connery eta Audrey Hepburn aktoreen antzera ‘Robin eta Marian’ filmean, ‘Sherwood’ basotik zamalkatuz Urbasan;  Bardeetan isileko agente izan daitezke, ‘Anacleto, isileko agente’ filmean Imanol Ariasek egin bezala. Filmazioen ondoren, aurten nobedade dastagarri bat izanen dute: bisitariek tokiko artisau produktuez osatutako menu zaporetsua dastatu ahal izanen dute eta produktu horiek eskuragarri egonen dira filmazio gunean.

Menu honek barne hartzen ditu hesteki-taulak, El Bordón txistorra, basurde txorizo eta saltxitxoia; Basatxerri urdaiazpiko taulak ogi eta tomatearekin; Katealde foie eta Ahate mousse taulak; Erronkari eta Idiazabal J.D. gazta-taulak eta behi ekologikoa; Tuterako alkatxofa eta Lodosako piper J.D. pintxoak; Urrutia biskotxa eta Cascanteko teilak. Uraz gain, edateko Nafarroako ardo beltza, gorria eta zuria eta Larraldea sagardoa izango dira aukeran.

‘Egun batez Aktore Bisita Gidatuak’ programarekin, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroara hurbiltzen diren bisitarien esperientzian aldaketa bat sorrarazi nahi du, kontenplazio pasibotik bizipen pertsonalizatura pasa daitezen. 2018-2025 Turismo Plan Estrategikoan jaso bezala, oroimenaren eta Nafarroako ondare-balioen interpretazio esperientziari mesede egin nahi zaio, datu gehigarriak eta irudi birtualak eransten dituzten errealitate areagotuko aplikazioen garapenaren bitartez. Historia eta ondare kulturala hobeto ulertzeko eta zinemagintza lanak aurkitzen lagunduko dutenak, alegia.

 

Oroigarri pelikularekin bukatuko diren bederatzi hitzordu

Osotara bederatzihitzordu izango dira eta plazak, mugatuak. Horrenbertzez, aldez aurretik erreserba egitea komeni da. Prezioa 10 eurokoa izanen da pertsona bakoitzeko eta 6 euro euro adingabekoentzat, 65 urte baino gorakoentzat eta langabeentzat. Lehenengo filmazioa ‘Robin eta Marian’ izanen da, uztailaren 22an. Bilgunea Urdiaingo Errotan izanen da eta grabaketarako gutxienez hiru pertsona behar dira. Film bera, abuztuaren 26an eta irailaren 2an errepikatuko da. Uztailaren 29an, abuztuaren 19an eta irailaren 16an ‘Anacleto: isileko agente’ filmatuko da. Bilgunea Errege Bardeetako Informazio puntuan izanen da. ‘Zugarramurdiko Sorginak’ filmaren grabaketa, berriz, abuztuaren 5 eta 12an eta irailaren 9an garatuko da. Taldea Sorginen Museoan bilduko da. Bi film hauentzako, gutxienez 10 pertsonen parte hartzea beharrezkoa da.

Jarduera turistikoak antolatzen dituzten hiru enpresa izanen dira bisita gidatu hauetako arduradunak, Nafarroako Zinema Bidearen inguruko azalpen labur batekin hasiko direnak, 23 filma grabatu diren 13 eszenatoki biltzen dituen ibilbidea hain zuzen ere. Taldeek antzeztuko duten eszena irudikatuko da errealitate areagotuko euskarri baten bitartez. Ondoren, hobeto interpretatzeko eta taldea kohesionatzeko balioko duten dinamika dramatikoak proposatuko zaizkio taldeari, eta filmazioa hasiko da.

Oroigarri moduan, emaitza editatu eta posta elektronikoz bidaliko zaie parte hartzaileei. Azkenik, ‘Egun batez aktore Bisita gidatu’-etan parte hartu dutenei inkesta bat eskainiko zaie eta, hori betetzen duten artean, ‘Reyno Gourmet’ produktu-sortaz osatutako saskia zozkatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun