Senpereko Azkona eta Jauregi Euskal Herriko txapeldun esku huska

Pierre Bastres 2018ko uzt. 18a, 16:22
Lehen mailako txapeldun eta txapeldun orde, SPUCeko pilotariak.

Lehen mailako finaleko bi bikoteak SPUC Pilotakoak ziren eta garaileek kintze bakar batez finala ederra irabazi dute

Kanboko pilota plazan lau adiskide lehiatu ziren uztailaren 9ko finalean: alde batetik, Pantxo Valentzia eta Xabi Berreterbide gan den urteko finalistak (Irisarriren aurka galdua zuten), eta bertze aldetik, Peio Azkona eta Amaiur Jauregi. Sasoia hasi baino lehen, nehork ez zuen usteko holako balentria erdietsiko zuela Senpereko SPUC kirol elkarteak. 

Are guttiago Peio Azkona, aurtengo txapeldunak: «Ni Milagrangakoa naiz, eta aurten arte han aritzen nintzen. Gan den urteko txapelgoan izigarri gaizki aritu nintzen eta gainerat ez zen bertze jokolaririk enekin binakako txapelgoa egiteko. Amaiur Jauregi ene Senpereko kusia ni bezalatsuko egoeran zen, eta Eskual herriko txapelgorako elgarrekin izen-emaitea deliberatu dugu; Senperen giro bikaina atzeman dut, entrenamenduak ongi antolatzen dituzte Txetx Etcheverrik eta Paxkal Harotzarenek, hamar jokolari gara elgarrekin trebatzeko eta ederki elgar aditzen dugu».

 

Txapeldun izaterako bidea nola den galdeginda, hona zer duen ihardesten Peiok: «bide goiti-beheititsua izan dugu alabainan! Denboraldia hirugarren mailan hasi dugu, eta bigarrenerat upatu gara berehala lekua zelakotz. Ez jaustea genuelarik helburu, sasoia berean lehen mailara igaiteko parada izan dugu. Gero partidak bata bertzearen ondotik irabazi ditugu, finalat heltzeraino, Pantxo eta Xabiren kontra!».

Finaleko pundu bakoitzaz oroitzen da Peio, eta xeheki: «partida berezia izan da laurendako: lehenik trebetzaile bera dugulakoz (Paxkal Harotzarene, SPUC Pilotako lehendakaria), honek erabaki du isilik egoitea, eta usaiako aholkuak ez genituen! Bigarrenik Kanboko pilota plaza ederra eta zabala izanagatik ere, lurrezkoa da, ohiz kanpokoa zaigu, eta paretak ez du kaskorik. Aitzinetik hasi gara partidan, berdintze ainitzekin. Gero ahulaldi luze bat izan dugu, Pantzo eta Xabi ezin hobeki aritzen zirelakotz, 27-20 nagusitzen zitzaizkigun. Haatik tartea hasi gara jaten ohartu gabe, baina 29. kintzea egin dute, 29-27 haien alde. Burutua zela uste izan dut orduan, baina ez, hiru kintze bata bertzearen ondotik egin ditugu eta partida eraman dugu! Ondotik laurak, trebatzaile eta eta bertze senpertarrekin elgarretaratu gara bazkaltzeko, besta handirik egin gabe».

Sebastien Etxeberri Txetx SPUCeko lehendarietako bat loriatua ageri zen: «baziren 41 urte Senpere ez zela txapeldun izan. Finala ikaragarria izan duk, maila izigarri gorakoa, pozik gaituk. Bi finalisten eta txapeldunez gainerat, bertze lau bikote genitian maila guzietan. Gazteetan ere emaitza politak izan ditiagu eta nesketan  nolaz ez aipa Oronoz eta Goienetxe, Frantziako txapeldunak izan dituk balinean 16 urtekoen mailan».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun