Senpereko Akerreta errotan bertako artoa ehotu dute aurten

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 1a, 08:55
Stephane Mitxelena laborari gaztea, arto gorriarekin.

Eihera ikusliareri ireki diete, eta bertako laborari batek bere uzta ekarri du irina eta taloak egiteko

Urte guziz bezala,bere eiherako ateak ireki ditu Joanes Etxeberrik, eta tresneria piztu du bihiak lehertzeko bisitarien aitzinean. Aurten, ordea, eho duen artoa bertakoa zen, Stephane Mitxelena laborari gaztearena, hain zuzen. Hura ere hor zen, eta bere mozkinak eta etxaldea gogotik aurkeztu ditu.

 

Hamar urte baino gehiago laborantzatik urrun egonez, lotu zaio bere haur eta gazteko ametsari: laborari bilakatu da. Bere etxaldea Ezpeletan atzeman du, eta lur gutti izanki, mozkin-ainitzeko laborantza egiten du, 'Bio' edo ekologikoa gainera. Stephanek adierazi duen bezala, «Hektarea gutti badugulakoz denetarik egiten dugu: artoa, ezpeletako piperra, erleak, kintia arrazako zerri zonbait ere badauzkagu. Gure  mozkinak Bio edo ekologikoak dira. Baina karraskan ari naiz ene etxaldea bertze moldean antolatzeko: zuhaitz fruitutsuak landatuko ditut, bertako sagarrak, aranak eta gereziak. Arbolen artean ene landareak eginen ditut. Zuhaitz-agrogintza deitzen da egin-molde hau, geroz eta gehiago ohartzen baikara zuhaitzek ainitz emaiten diotela laborantzari: aniztasuna, fruituak, geriza landare eta aziendari, erleak, …».

 

Laborantxa Ganbararen laguntzari eskertua

«Hesiak ere uzten ditugu, –dio Mitxelenak– adibidez laparra ez dugu kentzen hegietarik, mozten dugu baizik. Laborantza Ganbarak lagundu izan nau ainitz, milesker heieri! Egun eiherarat ekarri duten artoa Eskual Gorria deitzen da, hemengo mota. Gorraila da, eta gustu handikoa. Frantziarra eta geroxeago Amerikanoa motakoak nagusitu zitzaikion, baina hori aitzin nonahi atzematen zen Eskual Herrian. Badu 15 urte Jon Harluxetek sortu zuen Arto Gorri elkartea, eta elkartearekin eiherak bilatzen ditugu irina ekoizteko gure etxaldeetarik ahal bezain hurbil. Gisa beretik, gure irinazko taloak egin nahi ditugu, zuzenki egosteko eta saltzeko bestetan».

Joanesek, Akerretako nagusiak eransten duenez, «ene familiak eta Stephanenak aspaldi elkar ezagutzen dute, etxeko bihiak Stephanen aitak ekartzen zituen honat gazte zenean! Oro har egunaldi ederra izan da. Jendeek ikusi eta ikasi dute nik uste! Heldu den urtean zergatik ez besta giroa azkartzea, eskual kantu bat edo bi emanez?».

Ez litzateke aukera txarra izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun