Ortziraletan, berriz, ekoizleek beraien produktuak eskainiz segiko dute: ardi eta ahuntz gasnak, jogurtak, barazkiak, txerri eta aratzeen haragiak, untxiak, eztiak, Ezpeletako piperrak, marmeladak... Iraila bitarte 16:30etik 20:30era denetariko produktuak erosteko aukera izanen da frontoian.
Agendako hitzordu gehiago
Merkatuaz gain, hainbat hitzordu izanen dira ondoko egunetan. Ereiaroaren 30ean, erraterako, St Josep eskolakoek urteroko besta ospatuko dute kiroldegian. 18:00etan haurrek ikusgarria eskainiko dute eta ondotik jatekoa eta edatekoa izanen da.
Aitzineko asteetan bezala, abesbatzen doinuekin gozatzeko aukera ere izanen da. Uztailaren 5ean, Larrun Kanta abesbatzak kantaldia eskainiko du 21:30ean elizan. Sartzea hamar euro ordaindu beharko da, baina 14 urtez beheitikoek urririk izanen dute eta hogeiko taldean joanez gero, bakoitzak zortzi euro ordaindu beharko ditu sartzeko. Uztailaren 12an, berriz, Atsulai abesbatzaren txanda izanen da. 21:30ean elizan ariko dira kantari.
Pilota, dantzak eta herri-kirolak
Uztailaren 10ean, Sarako Izarra Pilota eta Errugbi taldeek eta Zazpiak Bat dantza taldeak ikusgarri ederra prestatu dute: 19:30etik goiti esku huska pilota partidak, herri-kirol saioa eta Zazpiak Bat taldearen dantza saioa izanen dira frontoian. Denbora txarra baldin bada, kiroldegian eginen dute. Helduek 8 euro ordaindu beharko dute eta hamabi urtez beheitikoek 4 euro. Jatekoa eta edatekoa ere emanen dute.