Auxtin Zamora senpertarra ohorezko euskaltzain berri izendatu du Euskaltzaindiak

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 15a, 07:59
Auxtin Zamora senpertarra, bere liburuetako baten aurkezpenean. Ohorezko euskaltzain izendatu berri dute.

Guztira hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu ditu

Auxtin Zamora Durruty senpertarra ohorezko euskaltzain berri izendatu du Euskaltzaindiak, bertze hamabortz lagunekin batera. Zamora 1943an sortu zen Senperen, bortz olerki liburu idatzi ditu, Hatsa Elkartearen sortzaiea da, eta 1999az geroztik 'Hatsaren Poesia' olerki bildumaren argitaratzailea eta 'Maite ditugun olerkariak' sail poetikoaren abiatzailea. 

 

Eskoletan olerkari gaztetxoen animatzaile nekaezina, 2008a geroztik Hatsaren olerki bustiak bideoaren eraikitzailea eta Olerkarien Egunaren abiarazlea ere bada. Gainera, Sarako, Etxalarko eta Senpereko etxe guztien datu geografikoak eta izenak bildu ditu. 2018an Sarako Idazleen Biltzarrak ematen dituen sarietako bat jaso zuen. 

Apirilean Bilbon egin zen azken Osoko bilkuran, hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak. Jakina denez eta bere arautegiaren arabera, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, hain zuzen ere euskarari egindako mesede bikainengatik nabarmendu direnen artean hautatuak. Ohorezko euskaltzainen azken izendapena 2014ko maiatzaren 30ean egin zen (Donostiako Osoko bilkura batean), eta gaur egun 49 dira (33 + 16 berriak) ohore hori jaso duten gizon eta emakumeak.

Hamaseikoan jatorri eta lanbide desberdinetako pertsonak daude, hezkuntzari, filosofiari, soziolinguistikari, bertsolaritzari, literaturgintzari, hiztegigintzari, kantagintzari, kazetaritzari, literatur ikerketari edota itzulpengintzari lotuak. Guztira, bost emakumezko eta hamaika gizonezko izendatu dira oraingoan: bost bizkaitar, sei gipuzkoar, bi lapurtar eta baxenabartar, arabar eta nafar bana.

Ohorezko euskaltzain berrien zerrenda: Jose Antonio Aduriz, Martxel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Manex Pagola, Jose Maria Rementeria, Sabin Salaberri, Txomin Solabarrieta, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala eta Auxtin Zamora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun