Alde batetik, Dantxarinea eta Landibar behekaldeko bentak –etengabe hazten ari direnak-, bertze aldetik Lapitxuri ibaia eta Baztango mendi eta basoak. Auzoaren gunean 8 etxe eta etxalde daude gaur egun. Ia denak XVII.mendean eraikiak.
Auzoan biztanlegoa ez da hazi, bertan bizi diren familiek ez dute etxe berririk behar eta gaur egun arte indarrean dagoen 1999ko Planak aukera ematen du gaur egungo etxeak zatitu eta etxebizitza berriak sortzeko bertan. Leorlas auzoarekin batera, Landibar Urdazubiko auzo historikoena da, XIV.mendetik aintzina aipatua izan da, nekazaritza eta abeltzantzara loturik beti.
Prentsaurreko bat eman zuten auzoko 8 etxeetatik 6ren jabeak direnak, auzoaren nortasuna eta balio kultural, ekologiko zein naturala defendatzeko. Aipaturiko Udal Plana aprobatzeko auzotarren iritzia eta beharrak ez direla kontuan hartu eta, Nafarroako Gobernuaren aurrean elegitea aurkeztu dutela iragarri zuten. Izan ere, prentsaurrekoan bildutakoen artean, Planak urbanizable bihurtu nahi dituen lurren %75-a biltzen dute. Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain, lurjabe horietako bati lur permuta bat ezarri nahi zaio, bertze bati UE1 guneko garapena bultzatzeko osatu berri den Konpentsazio Batzarrean parte hartzera behartuko zaiolarik.
Haiekin batera Urdazubi Elgarrekin taldeko Anastasia Bidart zinegotzia mintzatu zen. Bidarten erranetan, Urdazubik historikoki izan duen garapenak espekulazioa merkataritza gunera mugatu izan du, bereziki Dantxarinea eta Landibar behekaldean. Haatik, proiektu berri honekin, Udalak espekulazioa auzo guztietara zabaltzeko atea irekiko duela uste du. Udal gobernuaren proposamen honekin, azken urteotan pairatu dugun krisi ekonomikoaren oinarrian dagoen eredua zabaldu nahi da Urdazubin.