Herri Urrats besta maiatzaren 13an Senperen

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 10a, 08:51
Milaka euskaltzaleren elkargune izanen da Senpereko aintzira igandean

Eguneko irabaziak Larzabalgo Manex Erdozaintzi Kolegioa laguntzeko izanen dira

'Prefosta' lelopean heldu den maiatzaren 13an iraganen da Iparraldeko Ikastolen Elkarteak antolaturiko Herri Urrats besta. Haur, gazte eta helduen gozamenerako kontzertuak, tailerrak, bertso saioak, pailazoak, puzgarriak, erronka ikusgarriak...  izanen dira Senpereko aintziraren bueltako guneetan.

 

Eguneko irabaziak Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioarentzat izanen dira. Izan ere, Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioko ikasle kopurua etengabe igo da eta gaur egun eraikinak sobera hertsiak dira, geroz eta ikasle gehiagoren aterbetzeko. Iaz 158 ikasle ziren, aurten 190 eta heldu den urtean 220etik goiti izanen dira.

Larzabalen kokatua den kolegioak Aloze, Sohüta, Amikuze, Oztibarre, Garazi, Azkarate, Baigorri eta Ortzaizeko lehen hezkuntzako ikastoletatik heldu diren ikasleak eskolatzen ditu Bigarren Hezkuntzan eta behar bezalako arreta eskaintzeko lau ikasgela eskas dituztela uste dute: bi kurtso gela, laborategi bat eta  ahalmen urriko ikasleen segipena segurtatzen duen IEParendako (Inklusiorako Egitura Pedagogikoa) bertze gela bat.

 Bezperan Urrats Gaua, Saran

Herri Urrats egun handiaren bezperan, Urrats Gaua antolatu dute Saran. Zakill, Sorotan Babies, Red Dead, Luketze eta Jompakt taldeen kontzertuak izanen dituzte kiroldegian.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun