EGINAHALAK EGINEZ
Sei urte daramatza Urdazubin bizitzen eta Besta Batzordean arras murgilduta «bigarren urtea» badu ere, «lehenago ahal nuena egiten saiatzen nintzen». Ibili eta buelta, Urdazubin bere kabia egin zuenetik, herri ttipiko elkartasun handiarekin bat egin zuen: «hemen Besta Batzordean bortz lagun bagara ere, herriko gazte eta xaharrek laguntzeko borondate handia dute, eta hori anitz eskertzen da».
EREINDAKOA BILDU NAHIAN
«Inauteak akitu zirenetik, hau da, bestetarako antolaketa lanak banatu zituztenetik, frontenis txapelketa antolatzen eta musika taldeekin hitzarmenak egiten» ibili da, bereziki. Ardura batzuk lehenesteak ez du gainerakoaz atzentzen dituenik erran nahi, lan zama arintzeko «elkar laguntzen saiatzen gara, bakoitzak ahal duena eginez».
Hiru hilabetez bortz eguneko bestak antolatzen ibili ondotik, ereindako haziaren uzta biltzeko gogotsu dago Valerie Larreburu. Asteazkeneko «txupinazoaren, ezkil jotzearen eta aperitifaren tenorea» da gehien gustatzen zaiona, «gogotsu hartzen dugu». Zalantzarik gabe, larunbateko zikiro jatea eta ondotik herriko ostatuetan barrena egiten den poteoa, «hutsik egin gabe bizi beharrekoa» da. Horretarako, bezperan «afaldu bezala etxera»ª joaten saiatzen da, «eguna indarberrituta hasi eta ahal bezainbertzeko probetxua ateratzeko».
GUSTUKO TOKIAN NEKERIK EZ
«Herrian eta herriarendako ari zarela pentsatuz gero», lana eta besta uztartzeak ez dakar nekerik. Gainera, «gure artean giro arras ona dugu eta horrek anitz laguntzen du». Ez hori bakarrik, «bestek zahar eta gazteak, herriko plazan, elkarrekin ikusteko bide ematen dute eta hori ez da erosten». Hori bermatzeko, «giro ederra eta osasuntsua» eskatu nahi ditu. Inguruko herritarrei besta giroaz gozatzeko proposamen hori egitearekin batera, Valerie Larreburuk ez du zalantzarik: «ondotik bisitak itzuliko dizkiegu». Urtero bezala, «Zugarramurdi, Amaiur, Azpilkueta, Elizondo eta hurbil ditugun Iparraldeko herrietara joateko ahalegin ttiki bat eginen dugu!».