«Niretako aurtengo paella jatea berezia izanen da»

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 8a, 07:22

Rakel Garnicak ahate jokoan parte hartuko du aurten ere.

Rakel Garnica, Urdazubiko emakumea

Hamaika ogibideko emakume bilakatzen da Rakel Garnika herriko bestetan. Izan ere, eguneroko sukaldari, seme-alaben zaintza eta etxeko-lanak baztertu gabe, azken urteotan bestako saltsan murgilduta, laguntzen ibili da. Bertzeak bertze, joan den urtean tradizio handiko Ahate jokoa berreskuratzeko lan handia egin zuen; aurten hori antolatzen eta paella prestatzen ibiliko da...

 

Egun horietan egiten dituen lanak bere zaletasunekin estuki lotuak direla erran daiteke, bertzeak bertze, «zaldiketa, sukaldatzea eta gitarra jotzea» baititu zaletasun. Zaletasun guztiei tarte egin ahal izateko «goizean goizetik eguna ongi antolatzen» saiatzen da. Aitzinetik egina geroko egina atsotitza barneratu eta «gelditu gabe ibiltzen naiz, motorrak irauten duen arte». 

 

HERRIAREKIN ATXIKIMENDU HANDIA

Iruñean sortua bada ere, sorterria utzi eta 2001ean Elizondora joan zen «naturarekin bat egitera». Ez zen aldaketa arrotza izan. Betitik «mendian bizitzea» zuenez amets, «2004an Urdazubiko paraje zoragarrira joan nintzen, ametsa egia bihurtzera». Orduz geroztik, «urdazubiartzat» du bere burua: «gure etxea, berez, Arizkungo lurretan bada ere, Urdazubiko mugatik metro guti batzuetara dagoenez, Urdazubin egiten dugu bizia; mediku eta eskolarako hara jotzen dugu». Gaur egun, herriarekin atxikimendu handia du: «nire buruarekin ongi sentitzeko lagunen laguna izaten eta ahal dudana eskainiz laguntzen saiatzen naiz; eta noski, egindakoa eskertzen badidate, ni kontent!».

Areago, «duela bortz urtetatik» egunerokoan Urdazubiko eta Zugarramurdiko eskolako jantokiko sukaldaria da Garnica. Egiten duena gustuko duela aitortu digu: «batetik, sukaldean aritzea zaletasun dudalako; eta bertzetik, haurrak anitz maite ditudalako. Beraiekin nagoenean ni ere haurra naizela erranen nuke», adierazi digu irria ezpainetan.

 

BESTA BAI, LAN ERE BAI

Ez da nolanahiko sukaldaria, herrian «aski ontzat» dute, eta horren gibelean ezkutatzen duen sekretua ageriko egin digu: «irudimena erabiliz eta egiten dudana maitasun handiz eginez, etxean, jakiak konbinatuz, platerak sortzen ditut. Jolas moduan hartzen dut sukaldaritza, mundu malgu eta aldagarria den aldetik, nire zaporea ematen saiatzen naiz». Bestetan eskolako sukaldaritza-lanak herriko paella prestatzeko eginbeharrarekin ordezkatuko ditu: «nik, zorionez, herrian lan egiten dudanez, bortz egun horietan ez diet eskolako ikasleei bazkaririk prestatu beharko; ez baitago klaserik. Beraz, etxeko lanak eta biharamunak uzten duen kargari aitzin egitea izanen dira egun horietako eginbeharrak». Asteazkenean, «bezperako afarira eta larunbatean zikirora joanen naiz». Bien bitartean, ortzegunean, «paella prestatzen lagunduko dut. Orain artean puntako sukaldaria den Montxok izan duen ardura gure gain hartuko dugu eta». Momentu hori da aurtengoan «bereziena» izanen dena, «sukaldeko erregearen hutsune handia nabarituko dugulako».

 

TRADIZIO HANDIKO JOKOA

Baina, nola ez, joan den urtera arte denbora luzez tradizio handia duen ahate jokoa berreskuratzeko lanean «ilusio handiz» ibili ondotik, ekitaldi hori ere «esanguratsua izanen da» Rakel Garnicarentzat. Joko hori berreskuratzeko lehendabiziko urratsak ez dira herrian emanak: «duela lau urte, jokoa galzorian zegoelarik, Juan Luisek, zugarramurdiar gizon batek, bai nik bai eta nire lagun zaldunen batek ere parte hartzeko deia egin zidan». Izan ere, «zaldian, bertzerik gabe, ibiltzea eta lauhazkan edo galopean azkar ibiliz esku batekin hilda dagoen ahateari lepoa moztea ez da gauza bera». Ondoko herrian tradizioari eusteko izan zuten jarrerari so eginez, «duela 40 urte inguru, lurra lantzeko zaldiak zerabiltzaten herritarrek joko hori egiteko zuten tradizioa guk ere berreskuratu behar genukeela gogoratu zitzaidan». Barride duen «Jose Manuel Etxeberriak, gaztea zelarik horretan ibili izan zenak ere proposamena egitean», asmoa egingarri eta herritarrentzat gustukoa zela ikusirik, lanean hasi ziren. Aurten Urdazubin, berreskuratu denetik, bigarren aldiz eginen da «ea ohiturari eutsi eta errotzea lortzen dugun!».

 

BERTZEAK EZ BEZALAKOAK

Urdazubiko bestak «bertze herrietakoak ez bezalakoak» direla uste du Garnicak: «adin guztietako herritarrak elkarrekin biltzen gara, denok elkarrekin giro ederra sortzen dugu... gutitik anitz ateratzeko gai gara eta besta ez da gazteendako bakarrik, bertze aunitzetan bezala...». Horrez gain, «bi egunez mokadutxoak doan jateko aukera eskaintzen digute... eta hori, gaur egun, arront toki gutitan ikusten da... Zugarramurdirekin batera, ahate jokoaren tradizioari eusten diogun herri bakarra edo bakarretakoak gara».

Oro har, bestak egunez «politagoak eta tradizionalagoak» direla uste badu ere, egunaz gozatu eta gaua ailegatzean biharamunekoaz ahanzten da: «zoritxarrez goizaldera arte egoten den horietakoa naiz», aitortu digu irriz. Giro ona, musika bikaina eta bereziki «bake eta errespetua lehenesten diren bestaz gozatu nahi duten» guztiak animatuko lituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun