Orain dela bi urte, Hiritik At-eko kide Eva Campo zendu zen. Berak tokiko garapena berrikuntza sozialari hertsiki lotua ulertzen zuela eta, bere ideia eta proiektuek segida izan dezaten, hainbat lagun eta eragileren artean Eva Campo Müller elkartea sortu zuten. Horren karietara antolatu dute tokiko garapenerako beka hori.
Irabazlearen berri ekainean
Jasotako proiektu guztiak elkarteak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta haien artean irabazlea zein den erabakiko du ekainaren 30a aitzin. Beka 5.000 eurokoa izanen da eta elkarteak gisa honetara ordainduko dio irabazleari: %60a irabazle izendatu ondotik, eta bertze %40a proiektua finitu, txostena aurkeztu eta epaimahaikoek onarpena emandakoan. Irabazleak sei hilabeteko epea izanen du gehienez lana finitzeko eta txostena elkarteari eta Herriko Etxeari helarazteko. Proiektuaren emaitzak Saran eta elkarteak erabakitzen duen bertze toki batean aurkeztu beharko ditu irabazleak.