‘Oroitzen naizeino’ irakurketa antzeztua eta musikatua eskainiko dute apirilaren 14an Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 13a, 07:35
Maddi Zubeldiak eskainiko du irakurketa antzeztua eta musikaria, Bernardette Luro Iratzoki eta Agurtzane Anduetzaren laguntzarekin.

Maddi Zubeldiak irakurri eta taularatuko du, Bernadette Luro Iratzoki-ren ahots eta Agurtzane Anduetzaren bideoen laguntzarekin, larunbat arratsaldeko 5etan Sorginen Museoan

Maddi Zubeldiak Oroitzen naizeino irakurketa antzeztua eta musikatua eskainiko du apirilaren 14an, larunbat arratsaldeko 5etan Zugarramurdiko Sorginen Museoan. Bernadette Luro Iratzoki-ren ahots eta Agurtzane Anduetzaren bideoen laguntza izanen du, Euskal Kultur Erakundearen laguntza duen emanaldian. Ekitaldiko sarrera doan izanen da.

 

Oroitzen naizeino

Zer da zahartzaroan memoriak ihes egiten duelarik gelditzen dena? Non dago pertsona egoera fragmentatu horretan?

Itxura eta gaztetasunkeria nagusi den garai honetan,hitza eman nahi izan diot zaharrari, zahar eta eri dagoenari, akats bikoiztunari hots, gure beldurrik handienari agian. Zaharra ez da izandakoa. Zaharra hor da, oso-osorik, izan denak eta denak bat eginik,ikusi nahi duenarentzat opari,beldurra alde batera utzita bide berria eskaintzen duen harremana.

Bi ahotsez eginiko irakurketa taularatua eta musikatua da hemen aurkeztuko duguna (50-55 minutu). Pertsonaia nagusia zahar etxean dagoen adineko emaztea da. Bere gogoetak, ohar sinpleak egiten ditu, eta oraian kokatua bada ere, oroitzapen batzuk ekartzen ditu gogora. Guti baina. Eritasunak jota memoria galtzen ari baita.

Bigarren pertsonaia memoria da hain zuzen, joan-jinak eginen dituen pertsonaia, laguntzera etorriko zaiona,tarteka lehenik, gero eta toki gehiago hartuz, emaztea hitzik gabe geratzen delarik erreleboa harturik, ordezkatzeraino.

Artisten eta konpainien harrera proiektuarekin segituz, Compagnie des Syrtes-k 2017an idazte erresidentzian Maddi Zubeldia idazle eta kantaria errezebitu du. Proiektua Euskal Kultur Erakundearen laguntza eta partaidetzari esker eraman ahal izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun