Ildoka taldeak ‘Jendeak’ irakurketa eta antzerki ikuskizuna eskainiko du apirilaren 7an Azkainen

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 5a, 09:38

Ildoka taldeko jokalariak: Eliane Mendiboure, Bernadette Luro, Peio Berhokoirigoin, Jon Itçaina, Armand Jaunarena eta Pierre Larre.

Larunbat arratsaldeko 6etan Biltoki gelan 

HitzaMintza elkarteak gomitaturik, Ildoka taldeak ‘Jendeak’ bere irakurketa eta antzerki ikuskizun berria emanen du apirilaren 7an, larunbat arratsaldeko 6etan, Azkaingo Biltoki gelan.

 

Bederetzi kontakizun laburrek osatzen dute “Jendeak” obra berezia, irakurketa eta teatroa uztartzen dituena. Ixtorio bakotxa, errealki gertatua edo asmatua, anedokta batetik abiatzen da, hala nola: bi anaiaren arteko tirabirak, gazte baten balentriak, bakotxaren sekretu bat edo beste, herriko hauteskundeak, bi laborari kexatu, alkoholaren ondorioak, auzo bereko jendeak nortsu ziren, eta dudarik gabe, apezak ere aipatzen dituzte…

Emanaldi horren helburua hauxe da: euskara gozatuz, kontakizun horiek publikoaren baitan mota askotako oroitzapenak iratzarraraztea, gogoeta zonbaiten artetik, irri on batzu eginez. Ildoka taldeko jokalariak dira: Eliane Mendiboure, Bernadette Luro, Peio Berhokoirigoin, Jon Itçaina, Armand Jaunarena eta Pierre Larre. Kontakizunen idazlea Daniel Landart da  eta idazleak berak lagundu ditu emanaldiaren apailatzen.

Iraupena : 60 minuta. Sartzea kitorik. Ondotik, Jendeak liburua salgai izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun