Ekitaldiz hornitutako asteburua izanen da apirileko lehena Saran

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 4a, 09:23
Korrontzi Dantzan emanaldia Beran egin zenean.

Haurren ikuskizuna ortziralean, Korrontzi dantzan larunbatean eta Sarako Zaldunak elkartearen zaldien pusken hustea igandean

Idazleen Biltzarraren 35. edizioak ireki dizkio Saran apirilari ateak, baina astea hasi bezala, asteburua ere ekitaldiz betea izanen da. Olhain ikastolako ikasleek emanaldia eskainiko dute ortziralean, Korrontzi Dantzan ikusgarria larunbatean eta Sarako Zaldunak elkartearen zaldien pusken hustea igandean. 

 

Haurren ikuskizuna

Ortziralean, apirilak 6, 18:00etan hasita, Olhain ikastolako ikasleek hainbat emanaldi eskainiko dituzte kiroldegian: antzerkia, kantak...

 

Korrontzi dantzan

Larunbatean, berriz, Korrontzi Dantzan ikusgarriarekin gozatzeko aukera izanen da kiroldegian, ikastolaren 40. urteurrenaren harira. Korrontzi taldea Agus Barandiaran trikitilariak eta Villabonako Oinkari dantza taldeko 20 dantzarik osatzen dute eta Euskal Herriko eta kanpoko hainbat dantzari eta dantza taldeekin kontzertuak eskaintzen ari da aspaldian. Larunbat honetan, Saran izanen dira, Zazpiak Bat dantza taldekoekin, eta denak elkarrekin 40 dantzariko taldea osatuko dute. Saioa kiroldegian izanen da, 20:00etan, baina 18:00etatik goiti ikastolako gurasoek taloak eta edatekoa eskainiko dituzte. 

Sarrerak hainbat tokitan paratu dituzte saltzeko: Sarako Herriko Etxeko Edantegian, Pleka trinketean, Baketun eta Idazleen Biltzarrean; Senpereko Tedokafen; Zugarramurdiko Marixan ostatuan; Azkaineko Xoko Onan; Ezpeletako Doxpi/Dorraidoun; Baionako Cafè des Pyrènèesen; Ziburuko Atalaian eta Donibane Lohizuneko Battela ostatuan. Bortz urtetik beheitikoek sarrera urririk izanen dute, 6-11 urtekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta 12 urtetik goitikoek 12 euro. Aitzinetik erosiz gero 10 eurotan izanen da sartzea. 

 

Sarako zaldunak

Asteburua borobiltzeko Sarako Zaldunak elkarteak zaldien pusken hustea antolatu du iganderako, apirilak 8. 09:00etatik 18:00etara Lur Berri gelan izanen dira eta jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute. Parte hartzeko izena eman behar da, sarako.zaldunak@gmail.com-era idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun