Koldo Zuazok, bortz urtez Sarako euskara aztertuz egindako lanaren ondoren, bertako euskararen gramatika eta hiztegia biltzen dituen obra argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Horko errektoreorde Jon Zaratek hitzok erran zituen: «Lotzen gaituena hizkuntza da, eta Koldoren lanak lotura egiten laguntzen du; honi esker Hego Euskal Herrian ezagunagoa izango da hemengo euskara».
Une hunkigarria izan zen, hiztegia osatzen lagundu duten herritarrak bertaratuta eman ziotelako saria. Zuazok eskerrak ematean 13 urte Lapurdiko herrian eman zituen Barandiaran izan zuen gogoan. Eta bukatzeko: «Saratarrak onak, leialak eta eztiak dira. Hurrengora arte, ez adiorik».
Auzapezak, berriz, Zuazok Ipar Euskal Herrian jarraituko duen lanari erreferentzia egin eta makila bat erakutsi zion, baina ez zion eman. Sararen ondotik ikerketa lana Baigorrin jarraitzeko asmoa duenez, bertako alkateari emango diola jakinarazi zion: «Nafarroa Beherea eta Zuberoa gelditzen zaizkizu, eta ondoren emanen dizugu makila».
Auxtin Zamorak bere hitzaldian adierazpen duen literaturari egin zion ohore. Inor eskertzen ez zuela baieztatu eta, bertaratutakoei erran zien: «Zuen hatsak olerki bilakatzea opa dizuet. Espero dut denak ni bezain zoriontsu izatea poesiari esker».
Jean-Claude Larrpmde historialariak ere saria irabazteko merezimendu izan duen lanari egin zion erreferentzia, gure jendartea ulertzeko historiak duen garrantzia nabarmenduz. XIX. eta XX. mendeak aztertu dituen ikertzailea honela mintzatu zen: «Bizkarrean hotzikarak ematen dizkidan nazionalismo espainola ikertu beharko nuke beharbada, euskal abertzaletasunaren historia ikertu dudan honek».
Martxoaren 19an zendutako Jean-Michel Larrasquet izan zuen gogoan Larrondek, eta saria eskaini zion. Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako presidentea izan zenarekin 25 urtez eginiko lana oroitu zuen.
Txikiak ere sortzaile
Haurren txokoak, hirugarren urtez, arrakasta atxiki zuen. Kiribil konpainiak egiten dituen ipuin kontaketa musikatuek, eskoletako ikasleen aurkezpenen ondoren hamarka ikusle bildu zituzten.
Haurren agerraldiak Biltzarrak eskola eta ikastolekin egindako elkarlanaren ondorio dira; urtero, gai baten inguruan, lehen hezkuntzako gaztetxoen sormena sustatzen du. Aurten amodioa zuten gaia, eta egindako lanak liburu batean bildu zituzten, eta gero Biltzarrean aurkeztu.
Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa liburua Bazko Astelehenean aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Jagon sailean, 2016ko azaroan antolatu 21. jardunaldiak biltzea du helburu liburuak. Euskal Konfederazioarekin antolatu zituen jardunaldiak Euskaltzaindiak, baita Euskararen Erakunde Publikoarekin ere.