Senpere traileko edizio bikaina iragan da asteburuan

Pierre Bastres 2018ko mar. 13a, 10:59

Hiru distantziako lasterketek arrakasta ikaragarria izan dute, denera 1.300 kirolarik eman baitzuten izena

Zazpigarren aldikoz, Senpereko Lasterka elkarteak Senpere Trail mendi lasterketa antolatu zuen martxoko bigarren aste hondarrean. Zazpi urte lehenago 350 kirolari bildu ziren 21 kilometroko proba bakarrean.

 

Aurten 1.300 lagunek eman zuten izena hiru lasterketetan: hamar kilometrokoan 250 lagunek, 21 kilometrokoan 750ek eta  42 kilometrokoan 300ek.  Azken hau, Gotorlekuen Itzulia, lehen aldikoz egin zen, antolatzaileek zazpigarren edizioa usaiaz kanpoko zerbait eginez ospatu nahi baitzuten:  «gure nahikeria aurten 42 kilometroko lehia egin eta heldu diren urteetan ez errepikatzea zen. Haatik, bildutako arrakasta eta laudorioak ikusita, gogoeta eginen dugu gure artean,  berriz eginen dugunez deliberatzeko». Bere irudiko, «ibilbidea ezin ederragoa zen, eta aroari esker partaideek begi-bazka ausarkian izan dute. 300 lagun onartu ditugu, baina ainitz gehiagok izenpetu nahi zuen. Nonahi geroz eta mendi maratoi gehiago izanagatik, korrikazale gehiago dira!», adierazi du Benat Seillan antolatzaileak.  Gainera, «proba honen maila arras gora zen, hor ziren Benoît Cori eta Guillaume Levoy, nazio mailako leihakideak. Azkenean, Carlos Garzia Rekondo irundarrak eraman du txapela eta Guillaume Levoy bigarren tokian bururatu da. Emazteetan, Carole Duhart izan dugu lehena eta Séverine Duhalde bigarrena. 21 kilometrokoan, Oñatiko Iban Letamendi nagusitu da eta Gorka Herce bigarren. Senpereko Mixel Guilçou hamabigarren izan da. Nesketan, Maite Etxezarreta izan da trebeena».
 

Benat Seillan: «Oraingo neurria atxikiko dukegu geroko edizioetan ere»

Senpere trail handituko denez galdeginda, Benatek dio ezin gandituzko mugak dituztela: «arazorik handiena autoen aparkatzea eta lasterkariak dutxak diren eremuetarat eramatea dira. Ibarrun auzo hertsia da, baina mendietarik hurbil, eta ez da nahiko lekurik auto eta dutxendako. Hunenbertzez, jendea minibusetan mugitzen dugu, eta ez da erraza. Beraz, oraingo neurria atxikiko dukegu geroko edizioetan, eta ongi da hola-hola segitzea. Hortaz kanpo, antolakuntza ona daukagu, nahianta ainitz ditugu eta segurtasun betebeharrak ongi zaintzen eta betetzen ditugu. Beraz, izigarri bozik gara, jende orok erran dauku atsegin handiz itzuliko dela!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun