Proposamena Udal Gobernuak mahairatu zuen, eta Azkar taldeko lau zinegotzien aldeko bozka eta Urdazubi Elgarrekin taldearen abstentzioari esker atera zen aitzinerat. Ondorioz, 2013tik Urdazubik Otsondon segundoko ustiatzen dituen 5,19 litroak zazpi litro izatera pasatuko lirateke. Ur kopuru hori, Santiago Villaresen ahotan, «ezinbertzekoa da Ainhoaren ur-hornidura ziurtatzeko».
Gaur egun, eta Europako muga arteko proiektuen diru-laguntzei esker, Urdazubi herriko ur-hornidura zaharberritzen hasia da, eta horretarako, Ainhoaren parte-hartzea ezinbertzekoa zitzaion Nafarroako herriari. Otsondoko urak mugaz bertze aldera pasatzeko Konfederazioaren baimena behar du. Hori guztia Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko mugako guneak biltzen dituen H2O Gurea proiektuaren baitan garatuko da, eta horrekin, Xaretako herriek aldaketa klimatikoak sortu ahal dituen lehorteei aurre egiteko aukera lortuko lukete.
Obra horietan eginen diren moldaketa lanen kostua, guztira, 1.747.042,74 eurokoa da, eta horretarako, Europa eta Nafarroko diru-laguntzez gain, Urdazubik mailegu bat ere eskatu beharko du.
Edonola ere, obraren zati handi bat herriak berak ordaintzeko asmoa du, 2017tik eta 2019ra bitartean.