SPUCen 50. urtebetetze besta gaitza antolatu nahi dute Senperen

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 16a, 09:00

oraingo eta iraganeko lehendakari guziak: ezkerretik Fagoaga, Pomadères, Santchez, Jorajuria, Ozcoidi, Etcheverry. Philippe Darthial lehenbiziko lehendakaria eskas da 2013an zendu zelakoz

Batzorde berezia muntatu dute besta oroigarria antolatzeko asmoz

1968an sortu zuten SPUC elkartea Senperen Darthial herriko medikua zenak eta Martxel Nobliak, eta mende erdiko urteburua merezi duen bezala nahi lukete ospatu oraingo lehendakariek.

 

Urte ainitz horietan gora-behera frango ezagutu izan du elkarte ezagunak, eta milaka dira ki­rol batean edo bertze­an hartu direnak. Eta ez kirola bakarrik: hastape­ne­an errugbia, pilota, saski-baloia edo basketez gainerat, dantza ere bazen taldearen baitan, geroztik bereiztu zen Zirikolatz bilakatzeko. 1975ean eskubaloi saila sortu zuten eta 80garren hamarkadan ka­ya­ka, azken sortuak direlarik lasterka eta futbola. Ez dezagun ahantz 1982an pirripita edo bizikleta saila antolatu zutela Bergara anaiek eta bertze adiskide batzuek, eta arrakasta ederra­ izanagatik ere, 1992an suntsitu zen. Haatik, aur­ten berritz xutik ezarri­ko dutela azkeneko hau Txetx Etcheve­rry elkarteko buruak (Benat Jorajuriarekin) jakinarazten digu: «SPUC­­en 800 kide baino gehiago gara aurten eta mila eta mila senper­tar izan dire partzuer 50 urtez. Ahalik eta besta ederrena izan nahi dugulakoz, batzorde berezia egin dugu. Senpertar guzieri idekia zaio­te, beren ideiak eta ikus moldeak eman di­tzaten. Hunela besta ezin ahantzia erdietsiko dugu doike!». Xehetasun gehiagorako, deitu Txetx: 0612 131625.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun