Euskal prentsa irakurgai izanen dute Senpereko ostatu eta tabernetan

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 15a, 09:51
Euskal prentsaren aldeko ekimenaren berri eman duta Lapurdi 1609 elkarteko kideek.

Lapurdi 1609 elkarteak euskal prentsaren aldeko ekimena abiatu berri du 

Lapurdiko bertze auzo herrietan bezala, Senpereko ostatu eta tabernetan ere aisa kausitzen ahal dira erdarazko egunkari eta aldizkariak baina ez da nehon ikusten euskarazko prentsarik. Egoera horrekin kezkaturik, Lapurdi 1609 elkarteak Senpereko taberna eta ostatuei proposatu die urte oso batez euskarazko hedabide bat hartzea, «jendeak euskarazko prentsa ere irakurri ahal izateko». Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, «berehala hiru ostatuk baietz erran dute» eta urtarril hastapenetik errezibitzen hasiak dira Berria egunkaria, Herria astekaria eta Ttipi-Ttapa hamabostekaria.

 

Lapurdi 1609 elkartearen ordezkariek diotenez, ekimen honek «helburu ainitza du». Lehenik, Senpereko tabernetan ere euskarazko prentsa irakurri ahal izatea eta, bidenabar, «euskarazko hedabideak badirela erakutsi eta frogatzea, etorkizunean arruntagoa bilaka dadin euskal prentsaren presentzia toki publikoetan». Zentzu horretan, herriko martxantekin «euskararen aldeko dinamika eta elkar-trukea» nahi dute abiatu. 

 

Iparraldeko herri gehiagotan errepikatzeko

Egitasmoa asteazken honetan aurkeztu dute Senpereko Lasai ostatuan eta, Lapurdi 1609 elkartearen ordezkariek azaldu dutenez, Iparraldeko bertze herrietan ere «ahal bezainbat errepikatzea» nahi lukete, «tokian tokiko elkarteek sustaturik». Bide horretan, Euskal Herrian Euskaraz, BerriaHerria, eta Ttipi-Ttapa aldizkariko ordezkariek euren babesa adierazi dute abiatu berri den ekimenarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun