1990eko hamarkadatik 2005era bitarte «aukerarik galdu gabe, mozorrotuz, etxez etxe eta baserriz baserri- ibiliz, egun eta gauez...» bizi izan ditu inauteriak, baina «kuadrillako lagunek utzi zutenean, horien arrimuan, nik ere utzi behar izan nuen». Egun, oraindik orain, egun horiek «oroiminez» pasatzen ditu, «beti sumatu izan dut eta sumatuko dut hutsunea». Urtez urte «gertakari historikoak» oinarri harturik, mozorro andana egin izan ditu lagunekin. Bertzeak bertze, Corpus Cristhi eguna irudikatu zutenekoa «ongi aski» oroitzen du: «apaiz jantzia paratu eta Dantxarineko Jesus Bentan -gaur egun ez dagoena- meza ospatu genuen, bezeroak parte hartzera animatu eta jatetxe guztia mugiaraziz». Nahiz eta bizitzeko modua goitik beheiti aldatu, azken urteetan «mahai baten bueltan elkartu eta otordu lasaiago bat eginez, «bizirik mantentzen dugu seinalea». Gainera, azken zortzi urteetan, inauterietako mozorroaren ordezko bilakatu da Burdinaren Egunekoa Jabier Larralderentzat. Izan ere, «frailez mozorrotu eta rolean sartu behar izaten dut. Hasieran zaila izan zen, baina urteekin ikasi eta gozatu egiten da». Bata eta bertzeak «zerikusi guti» izanagatik, mozorroa janztea «aunitz gustatzen zait, eta zerbait gustukoa denean, modu batera edo bertzera, egokitzeko arazorik ez da izaten».