Marmoles Baztanek 75.000 euroko isuna ordaindu beharko dio Urdazubiko udalari

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 20a, 10:00

Harrobiaren jardueraren kontrako salaketan, Sepronak egin zuen mapan ageri dira Alkerdi, Berroberria eta Zelaietako lezeen inguruko eremuak.

Enpresak Udal Planaren kontra eta lizentziarik gabe Alkerdiko harrobian lanak egin dituela dio epaileak

Urdazubiko Alkerdiko harrobiaren afera aspaldikoa da. Marmoles Baztanek 1984an jaso zuen ustiatzeko eskubidea.  Urdazubiko Udal Planak 1999an zenbait muga jarri zizkion enpresari, eta baldintza horien arabera, 2003an Udalaren lizentzia eskuratu zuen. 

 

Marmoles Baztanen historia nahiko korapilatsua izan da, ez baitu 2003ko lizentziak ezarritako baldintza guztiekiko begirune berdintsua erakutsi. Erran liteke, harrobiak eta Udalak ez dutela 30 urte hauetan harreman onik izan, Herriko Etxean alkatetza izan duenaren arabera, nahiz eta herritar gehienek ez zioten gehiegi erreparatzen Alkerdiko harrobiari.

 

2014ko leherketak

2011n, Marmoles Baztanek ustiapena modernizatzea erabaki zuen, horretarako teknika agresiboagoak erabili eta lan esparru zabalagoa planteatuz. Nafarroako Gobernuak 2013an baiezkoa eman zion. Egiazko arazoak orduan hasi ziren; gertaerek berehala utzi zuten agerian garai bateko ‘elkarbizitza’ ezinezkoa izanen zela. 2014ko uztailean herria aztoratu eta izitu zuen leherketaren ondorioz, Leorlas auzoan egiten ari zen triskantzaren berri izan zuten herritarrek. Segituan, herritarrak, erantzun bila, protestan hasi ziren. Enpresak eta Udalak, ordea, ez zuten herritarren beldur, kezka eta haserrea behar bezala baloratu.

 

Protestak parlamentuan

Herriko lezeak eta bizimodua babesteko eskariak Nafarroako Parlamentura ailegatu ziren. UPNren garaian Nafarroako Gobernuak emandako baimena bertan behera utzi zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak osaturiko Gobernu berriak 2016ko udazkenean. Halere, Urdazubiko lezeen babesaren inguruko kontuak oraindik ez dira akitu.

Alde batetik, gogoratu behar da, gaur egun ere, 2003an Udalak Marmoles Baztan enpresari emandako lizentziak indarrean dirauela. Herriko Etxean, oposizioan dagoen Urdazubi Elgarrekin taldeak; eta herri mailan SOS Alkerdi Plataformak, bakoitzak bere aldetik, 2003ko lizentzia hori bertan behera uzteko eskatu izan diote Udalari. Udal Gobernuan dagoen Azkar taldeak, aldiz, Santiago Villares alkatearen ahotik, Nafarroako Gobernuaren Kultura Sailaren ardura dela erantzun izan du. Haiek aldarrikatu zuten, lezeen babesa bermatu gabe, Udalak ezin duela, bere iritziz, herriko plangintzan babes handiagoa paratu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun