«Ttipi-Ttapa gure etxeetara ailegatzen hasi aitzin, ez genuen ia deus ere euskaraz idatzirik ikusten»

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 15a, 08:47

Ia 30 urte daramazki Koro Irazokik Zugarramurdiko berriak ematen.

Koro IRATZOKI • Zugarramurdiko berriemailea

Hogoi eta gutti urtetako neskatxa bat bezala irudikatzen dut nire burua Ttipi-Ttaparako berriak bidaltzen hasi nintzenean. Elizondoko Lanbide Eskolan lan egiten nuen, han zegoen baita Trini Mikelarena ere, Ttipi-Ttapako sortzaileetariko bat. Trinik proiektua aurkeztu eta parte hartzera animatu ninduen. Nik, gutti aski baitut, segidan baietz erran, eta Zugarramurdiko kontuak partekatzen hasi nintzen.

 

Erraten den bezala, ¡qué tiempos!. Oker ez banago, orduan hiru hilabetetik behin bidaltzen genituen berriak, eta berriez ­gain, literatur edo ipuin idatziak ere argitara­tzen ziren. Argazkiak, berriz, karretekoak ziren, eta Ttipi-Ttapatik lau-sei argaz­ki ateratze­ko karre­te ttiki batzuk har­tzen genituen. Beraz, kasu haundiarekin ibili behar genuen­ argazkiak ateratzerakoan. Gaur egun, Ttipi-Ttapako bulegoa toki zabal eta argitsu batean dago. Haatik, ez da beti hala izan: Harry­ Potterren gisan, eskailera azpi batean ezagutu ditut nik Joxe Manuel eta gainerakoak lanean.

Baina aldaketak direla eta, nire ustez, aldaketa haundiena euskaraz irakurtzearen ohituran eman da. Ttipi-Ttapa gure etxee­tara ailegatzen hasi aitzin, ez genuen­ ia-ia deus ere euskaraz idatzirik ikusten (beharbada Arantzazuko egutegia edo halako zerbait). Euskaraz irakurtzea arro­tza eta zaila egiten zitzaigun, eta Ttipi-Ttapak lan haundia egin zuen jendea «alfabeta­tzen».

Aldizkari hunek ongi emana du bere izena: ttipi-ttapa, ttipi-ttapa  baita urrun ailegatzeko manera… eta horretan ari gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun