Urdazubiko Xareta Ostatua errentan hartu zuen maizterra kaleratuko dute azaroaren 16an

IƱigo Imaz 2017ko aza. 14a, 10:09

Xareta ostatua, Urdazubin.

20.000 euro baino gehiagoko zorra utzi du eta hala erabaki du epaileak

2016ko apirilaren 29an Urdazubiko herriarena den Xareta Ostatuaren behin betiko esleipena egin zuen Udal Batzarrak herriko etxean egindako ohiko bilkuran. Maizter berriak hilero 1.850 euro (gehi BEZa) ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Horrekin batera, 3.700 euroko fidantza bat ere ordaindu behar zuen alokairu kontratua sinatzerakoan. Orduz geroztik arazoak izan ditu Udalak errenta kobratzeko. Fidantzaz gain, 2016ko ekaina, uztaila eta abuztua soilik ordaindu zituen maizterrak. 

 

2017ko urtarrilean, oposizioak maizter berria kanporatzeko prozedura judiziala hasteko eskatu zion Udalari, izan ere, Xareta Ostatuaren errentaren auzia polemikoa izan da azken urteotan. 2015eko abuztuan, Urdazubi Elgarrekin udal taldeak aurreko maizterrak lokala utzi eta utzi zuen zorrari buruzko galdera egin zion udal gobernuko Azkar taldeari. Zorra, gaur egun, ez da kitatu. Milaka euroko zorrarekin kezkatuta, 2016ko ekaineko udal batzarrean, oposizioko Urdazubi Elgarrekin taldeak, aurreko maizterrak utzitako zorra erreklamatzeko eskatu zion Santiago Villares, Azkar taldeko alkateari. 

Hainbat bilera eta saiakera egin ondoren, Udalak kanporatze epaiketa hastea erabaki zuen. Azkenean, 20.000 euro baino gehiagoko zorra utzi baitu maizterrak. Epaileak maizterraren kanporatzea agindu du, 2017ko azaroaren 16rako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun