Salanueva teknikariaren ustez, hiru proposamenak kalitatezkoak zirenez, proposamen ekonomikoak eragin zuen azken erabakian. Obenasa enpresak aurkezturiko proposamen ekonomikoak bertze bi enpresen aldean abantaila nabarmena eman zion, batez beste 3 eta 4 puntuko aldea. Guztira, ur horniketa lanen kostua 1.377.258,72 eurokoa izanen da, beraz, BEZ-a aparte. Gogoratzearren, proiektu honek Europa mailako FEDER fondoen laguntza jasoko du “Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020)” egitasmoaren barnean, eta baita Nafarroako Gobernuaren Herri Azpiegitura Plana 2017-2019 diru laguntzen onuradun izanen da.
Argazkian ageri denez, urriaren 4an, POCTEFA 2014-2020 egitasmoa osatzen duten erakundeetako ordezkariak bildu ziren Urdazubiko Kultur Etxean, besteak beste Hego Euskal Herriko (Lapurdi hegoaldeko udal elkartea), Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko nahiz Irungo eta Urdazubiko Udal ordezkariak elkartu ziren proiektuaren nondik norakoen berri emateko.