Azken urteotan lehia estua izan da Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoaren artean eta bizpahiru punturen barrenean sailkatu dia. Aurten, ordea, lau puntuko aldea atera dio Bizkaiak Nafarroari eta zortzikoa Gipuzkoari. Laugarren posturako borrokan Lapurdi nagusitu zaio Arabari, nahiz eta arabarrek bi probatan garaipena lortu zuten. Nafarroa Beherea seigarren izan zen.
Nafarroak bi garaipen lortu zituen, zaku lasterketan eta sokatiran, Lesakako Beti Gaztek egindako lanari esker. Arpanan, ordea, bigarren izan ziren faborito ziren Barberena anaiak eta aizkoran ere, bigarren izan zen Iker Vicente, Aitzol Atutxa bizkaitarraren ondotik.
Bizkaiak, arpanan eta aizkoran ez ezik, koxkor biltzen eta orga jokoan ere garaipena lortu zuen.
Erran bezala, Arabak bi garaipen lortu zituen, ingude altxatzen eta txingetan.
Gipuzkoak lasto altxatzen lortu zuen irabaztea.
Gauzak honeka, Bizkaiak irabazi zuen Zazpi Herrialdeetako txapelketa, 47 punturekin; Nafarroa Garaiak 43 eskuratu zituen, Gipuzkoak 39 puntu, Lapurdik 33 puntu, Arabak 31 puntu eta Nafarroa Behereak 15 puntu.