Aitzineko urteetan bezala, aurten ere, Nafarroako taldearekin eskualdeko hainbat kirolari ariko dira lanean: lokotx biltzen, Fernando Etxegarai beratarra ariko da eta 1,25 metrotara paratutako 50 koxkorrak bildu beharko ditu. Ingudearekin Josetxo Urrutia leitzarra ariko da eta lasto altxatzen Amaiurko Iñigo Goienetxek ordezkatuko du Nafarroako taldea. Harri-altxatzen Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak 100 kiloko harriari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkio bi minutuz. Txingekin Miguel Angel Sukuntza leitzarra ariko da eta sokatiran Lesakako Beti-Gazte taldekoak lehiatuko dira.
Gainerako kirolariak
Nafarroako taldea osatuko duten gainerako kirolariak hauek izanen dira: orgarekin Iruñeko Albaro Zugarrondo ariko da, arpanean Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barnerena anaiak, aizkoran Otsagiko Iker Vicente ariko da eta zakuekin Oier Aizkorbe, Iñaki Iraizoz eta Oskar Aguas ariko dira.