Sarako 54. Kontrabandisten lasterketa abuztuaren 20an eginen da

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 18a, 11:03

Joan den urteko Kontrabandisten lasterketan parte hartu zuten korrikalariak.

8,4 kilometrako lasterketa egin beharko dute, igandean 18:00etan abiatuta

Abuztuaren 20an 54. Kontrabandisten lasterketa eginen da Saran. 8,4 kilometrako lasterketa honek inguruko 18 muga herrietako bi korrikalari gonbidatzen ditu lasterka egitera. Korrikalariek ez dezaten eguraldiaz sufritu, lasterketa igande arratsalde bukaeran abiatuko da, 18:00etan. Egun osoan ostatu bat, merkatu bat eta jateko aukera izanen dira.

 

Fernando Etxegarai beratarra da lasterketa gehien irabazi duena, zortzi aldiz eta berak ezarria du marka ere. 2006an 38 minutu eta 36 segundotan egin zuen proba eta errekorra ezarri zuen. Bitxikeri moduan, lasterketako lehen kilometro eta erdian eta azken 200 metrotan zakua eraman behar dute korrikalariek bizkar gainean, 8 kilokoa gizasemeek eta 4 kilokoa emakumeek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun