«Lezea eta ekipa haundi baten lana dira zikiro-jatearen berezitasunak»

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 11a, 14:32

Martin Joxe Agirre, Zugarramurdiko zikiro-erretzailea.

Martin Joxe AGIRRE, Zugarramurdiko zikiro-erretzailea

«Iparraldeko kooperatiba batean lan egin eta mendiko oihanetan kurri ibiltzea maite» duen «mutil zerbitzaria» dugu Martin Joxe Agirre. Hala dio berak. Etxekoekin egotea ere atsegin du, baina  geldirik egoteko jaio ez zenez, hiru seme-alaben aita izateaz gain, bertze saltsa azkarkitan ere badabil: zikiroa erretzen ibiltzen da, herriko antzerki taldean ere aritzen da, elizako koroan kantari... 

 

Eta bere hurbilekoek erraten dutenez, gizon artexa da. Berak, ordea, pazientzia kontua dela dio: «egiten ditudan gauza guztiak pazientzia haundiarekin egiten saiatzen naiz». Eta denetara nola ailegatzen den? Bada, berak dioenez, «ahal den bezala».

 

Inkisidore, soldadu, akerra...

Antzerkia da Martin Joxeren bertze zaletasunetako bat, eta 2010az geroztik, herriko antzerki taldeko partaidea da. Urte hauetan paper ugari egitea tokatu zaiola ere kontatu digu: «inkisodore, soldadu, amorante, langile, aker...Orain inkisidore jaunaren fraile salatzaile itzultzailearen paperean ari naiz». Batean edo bertzean, baina bera kontent, erran­ digunez, «gustukoa dut».

 

Aitaren bideari segika

Mutiko ttikia zela hasi zen zikiro erre­tzen, bere aitarekin, hain zuzen: «5 urtetatik gogoan dut aitarekin ibiltzen nintzela. Aitarekin emanak ditut lehen pausuak leze eta zikiroetan». Geroztik, baditu toki aunitz pasatuak: «Herri Urrats, herriko bestetako zikiroa, errebestakoa eta kanpoan baten bat galdea bada», adierazi digu zugarramurdiarrak.  Zikiroa ona ateratzeko sekretuaz galdetuta, «aixtiki eta sutik hurbilegi gabe, kalda botaz», erantzun digu.

Jende aunitzendako zikiroa prestatzera ohitua dago Martin Joxe. Herriko bestetan lezean egiten duten zikiro-jateak, erraterako, arrakasta haundia du eta bere irudiko, «urtero-urtero 800 txartelak saltzeak erakusten du hala dela». Ateratzen dituzten txartel guztiak saltzen dituzte. «Toki xarmanta delako eta sukaldariak gogotik ari garelako» gertatzen da hori, «eta ez bakarrik haragi erretzaileak, baizik eta gaten diren guztiak». Jendearen harrera on hori lantalde baten elkarlanaren emaitza dela dio: «piperrada, salda, bertako gasnak, arnoa, likoreak, ondoko plater eta leze garbitzea... ekipa haundi bat gara. Berezitasun haundie­na lezea da eta jendearen elkar aritzea dena aitzinera ongi ateratzeko».

Aurten ere han ibiliko da abuztuaren 18ko zikiro-jatean, lanean. Hala ere, onartu digu «ahal den neurrian, lana eta bestak biak uztartzen» saiatzen dela, nahiz eta onartu digun, «bestak ondorio haundiagoa uzten» diola. Kontuak kontu, «bestak ahal bezain ongi» pa­satzeko ahalegina eginen du. Andremari eguna omen du maiteena: «mezaren ondotik, Herriko Etxeak aperitifa ema­ten du eta bertako haurrek dantza ema­naldia eskaintzen dute. Hor urtean zehar ikusi eta solas egin gabeko jendearekin tratua berritzeko aukera izaten da». Badakigu, beraz, non barna ibiliko den Martin Joxe herriko bestetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun