Larrungo proiektuaren inguruko kezkak azaldu dituzte saratarrek

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 28a, 12:04

Larrunen egin gogo duten egitasmoak kezka sortu du saratarren artean.

‘Larrun ez hunki’ kolektiboa osatu dute

Larrunen egin gogo duten proiektuaren inguruko kezkak plazaratzen eta erabakiak hartzen hasiak dira Saran. Uztailaren 18an eta 25ean bilkurak egin dituzte eta ‘Larrun ez hunki’ kolektiboa osatu dute.

 

Bilkura horietan Larrungo egitasmoaren inguruko hainbat kezka azaldu dira. Bertzeak bertze ingurumenari buruz, kaskoan egin beharreko antolaketak hala nola zaldaina, lo egiteko bagoiak, xirrixta... lepoan eginen diren aparkalekuak eta desbideratzea... eta obrak egiteko erabiliko lirateken baliabideak, pixta…; bi trein gehiagorekin frekantazio handitzea ekarriko luke, jadanik gainezka den lepo eta mendian. Zer turismo mota nahi dugun galdatua izan da, kalitaezkoa ala masiboa… Baimenak emateko prozedura, PLU aldaketa, lur jabeak nor diren eta hainbat galdera argitzeko gelditu dira…

Herritarrei, hautetsiei eta proiektuaz hunkituei, ez zaie nihungo berririk eman, konzertazio eza argia izan da, berri gutti eta dena errana ez denaren irudipena. Biltzar publiko baten beharra aipatu da. Diru gehiago egiteko proiektu bat dela ikusten dute. Segurtasuna eta motrizitate urriko jendeen aitzakia aurrera emaiten dutela gauza ageria gelditu da.

 

 

‘Larrun ez hunki’ kolektiboa

Hartu diren erabakien artean, momentuz mugimendu bat abiatu dute kolektibo gisa, administratiboki izena eman gabe. Batzuk elkarte bat sortzearen beharra aipatu dute sekula auzitara joan behar balitz, baina CADE eta holako egiturek eskumen hori badute. Ondoko bilkuretan elkartea sortzea erabakitzen ahalko da. Kolektiboaren izena ‘Larrun ez hunki’ hautatu dute eta proiektuaz hunkituak diren lau herrieri eta 64 departamendua eta EPSA-ri bilkura publiko bat antolatzea galdatuko diete. Bertze herrietako taldeekin koordinatzeko asmoa ere azaldu dute.

 

36 milioi euro Larrun mendiko eremu turistikoa berritzeko

Larrun 2020 proiektuaren berri eman zuten ekain hasieran Akitaniako departamenduko eta lurraldeko aktoreek. Larrun mendiko gune turistikoa parte handiz berritu eta arramoldatzeko lanak zer izanen diren aurkeztu zuten. 36 milioi euroko aurrekontua beharko dute beraz, baina, aurkezpenean onartu zutenez, ez dituzte oraindik finantzaketa guziak atxe­man. Obrak urritik martxo­ra eramanen lirateke heldu diren urteetan, sasoin turistikoa ez trabatzeko. Proiektuak Europatik diruztatzeak espero ditu, baita partaide guziengandik lagun­tza ere. Egitasmoaren handitasuna kontuan hartuz, Azkaingo Ideki elkarteak jakinarazi du erne egonen dela eta ez duela zernahi gauza egiten utziko. Beran ere bilkura egin dute afera aztertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun