Alkerdiko harrobiaren jatorria
Alkerdiko harrobiaren ustiaketa aspaldikoa da, Udalean aurkitu ditugun datuen arabera, XX. mendeko 60. hamarkan hasi zen ustiapena. Garai batean, Leorlas auzoan bi harrobi egon ziren, batto Alkerdikoa, bertzea berriz Ikaburuko harrobia, gaur egun hetsia dena. Marmoles Baztan enpresak 1984an eskuratu zuen kontzesioa eta 1999ko abenduan Urdazubiko Udalak aktibitate klasifikatuendako lizentzia eman zion enpresari, irekiera lizentzia 2003ko abuztuan eman zitzaion, 1999ko Udal Plan Orokorrak ezartzen zituen baldintza eta mugak kontuan hartuz. Ustiapena, jatorrian, harrobiko marmola ustiatzeko asmoz hasi zen. Udalak bere garaian ezarritako baldintzetan ustiapen sistemari zegokionean, zonaldeko leizeen babesa ziurtatzeko egokien izan zitekeena ezarri zuen: hari diamantatuzko ebakidura erabiliz. Leherketak mugatuak eta potentzia gutxikoak izan behar zirelarik.
Urte pare batez, harrobiaren lanak eten ziren, eta 2012an Marmoles Baztanek Nafarroako Gobernuari ustiapen proiektu berria aurkeztu zion eta 2013an enpresak Nafarroako Gobernuaren baimena jaso zuen lanari berriro ekiteko, proiektu berria ontzat emanez.
Herritarrak kontra
Herrian, batez ere Leorlas auzoan, harrobiaren inguruko kezka eta galderek ez zuten erantzun garbirik. Udal plenoren batean ere sortu zen horren inguruko galderarik. Dena den, urdazubiar gehienek ez zuten aparteko iritzirik gaiaren gainean. Egoera guztiz aldatu zen 2014ko uztailaren 15ean harrobian leherketa ikaragarri batek herritarren artean izua eta kezka sortu zuenean.
Enpresa eta Leorlaseko auzotar batzuk Herriko Etxean elkartu ziren alkatearekin. Erantzun ezak, eta «Udala ez da oilotegi bat» bezalako hitzak entzun ondoren, herritarren batzarrak deitzen hasi ziren. Ondorioz, SOS Alkerdi Plataforma sortu zen gertatzen ari zena ikertu eta ezagutzera emateko.
2015eko maiatzean udal hauteskundeak egin ziren, eta ordutik aurrera Herriko Etxean eztabaidagai izan da gaia. Ondorioz, 2015eko azaroan Marmoles Baztan enpresaren kontrako espediente sanzionadorea abian jarri zen, udal lizentzietan ezarritako ingurugiro baldintzak urratzeagatik, eta Zelaieta III leizea –Udal Plangintzak babestua– larriki kaltetzeagatik.
Isuna ttikiagoa
Nafarroako Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak 2017ko ekainaren 1ean emandako sententziaren arabera, Marmoles Baztanen kontrako ebazpena zuzena da, baina helegitea partzialki onartzen dio, hortaz, Herriko Etxeak ezarri zion 100.000 euroko isuna 75.000 eurotan uzten du. Marmoles Baztan eta Udalak, bakoitzak bere kostu judizialak ordaindu beharko ditu gainera.