Arabara eraman du Eskolarteko txapela Aroa Arrizubietak

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 12a, 07:12

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari txapelketaren finalaren ondotik oholtzan bertsolariak, antolatzaileak eta laguntzaileak, Saran.

Joanes Illarregi leitzarra izan da txapeldunorde eta 200 lagun inguru hurbildu ziren Sarara larunbatean Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finala jarraitzera

Ongietorri beroa egin zion ekainaren 10ean Sarak Eskolartekoari. Irudi zuen saguzarraren koloreak ederki argitu zituen eguzkiak baina baita oholtza gainean zein oholtzatik kanpo ageri zen aniztasuna: zazpi lurraldeetako ordezkariak aritu ziren bertsotan Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako Eskolartekoaren XXXIX. edizio honetan, eta itxura bera hartu zuen oholtzaren beheko aldeak Lapurdira hurbildutako bertsozaleekin.

 

Larunbat goizeko 11:00k pasatxo hasi zen bat-bateko finala eta Sarako trinkete barrenera ere eraman zuten beroa Sarara hurbildutako bertsozaleek. Zazpi lurraldeetako ordezkariek hartu zuten parte Euskal Herriko Eskolartekoaren XXIX. edizioan. Zozketak agindutako ordenean, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) izan ziren oholtza gainean. Haien jarduna gidatzen Pantxika Solorzano aritu da eta epaile lanetan, berriz, Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elorza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.

Agurren ondotik, zortziko handian eta txikian aritu ziren binaka; hiruko ofizioren bat ere izan zen, parte-hartzaile kopuru bakoitia izanik. Ondoren, sei bertsolari sailkatu ziren finalaren bigarren zatirako: Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Jokin Irastorza.

Puntu erantzunetan eta bakarkakoan arituta, eta agurraren ondotik, epai-mahaiaren ebazpena eman zuen Joana Itzainak oholtzatik: Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi du 2017ko Euskal Herriko Eskolartekoa, Joanes Illarregi leitzarrak jarraituta. Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi zion txapela irabazleari.

Lur Berrin bildu ziren berriz ere parte-hartzaile zein bertsozaleak, Idokik prestatutako otordua bazkaltzeko. Ondoren, festak jarraipena izan zuen Odei Barrosoren eta Iñaki Viñaspreren rap emanaldiarekin.

 

Ahots baten sormen egonaldia izango dute sari

Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaile guztiek Ahots baten sormen egonaldian parte hartzeko aukera izanen dute. Eguberrietan egiten den egonaldi honek ahozko euskal kultur adierazpideak lantzen aritzen diren gazteak biltzen ditu – bertsolaritza, antzerkia, kantagintza eta literatura – eta horrek gainerako sortzaileekin harreman sareak egiteko eta sorkuntzarako beste bide batzuk esperimentatzeko parada eskaintzen die.

Egonaldiaz gain, material sorta ere jaso zuten parte-hartzaileek Oier Arbina, Nahia Sasco, Xan Alkhat, Malen Amenabar, Iker Gorosterrazu, Kristina Mardaras eta Maider Arregi bertsolarien eskutik; Sarako bertso-eskolaren eta Olhain ikastolaren izenean, Mikel Cottave-Parachouk eta Sebastian Zamorak eman zuten saria, eta Sarako auzapeza ere, Jean-Baptiste Laborde, igo zen oholtzara. Azkenik, elkarte antolatzaileen ordezkariek, Bertsozale Elkarteko Iñaki Muruak eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk sari bana eman zuten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun