Josu Inziarte oronoztarra nagusitu da Zugarramurdiko Argazki Rallyko lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 1a, 07:03

Zugarramurdiko argazki rallyko saridunak. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Euskal Herriko Lezeen Egunean aurkeztutako bilduma onenarengatik 100 euro eskuratu ditu

Oronoz-Mugairiko Josu Inziartek irabazi du Zugarramurdiko Argazki Rallyko sari nagusia. Euskal Herriko Lezeen Egunaren harira egindako lehiaketan bilduma onenarengatik 100 euro eskuratzeaz gain, Akelarre gaiari zegokion argazki onarengatik ere Altzatenea jatetxean bi lagunendako otordua eskuratu du.

Izan ere, argazki rallyrako hiru gai aurkeztu zituen Zugarramurdiko Garapena elkarte antolatzaileak: Akelarrea, Itzalak eta Erosioa edo higadura.

Aipatu bezala, bilduma onena eta Akelarre gaiari zegokion argazki onena Josu Inziartek aurkeztutakoak izan ziren, epaimahaiaren ustez.

Erosioa gaiarekin argazkirik onena Olivier Harotzarenak aurkeztutakoa izan zen eta bi lagunendako otordua irabazi du Herriko Ostatuan.

Itzalak gaiarekin argazkirik onena Fidel Ordoki lesakarrak atera zuen eta bi lagunendako otordua eskuratu du Azketa jatetxean.

Bertze bi sari ere eman zituzten antolatzaileek. Xaretako bizilagun baten argazki onenarendako saria, Kattalin jatetxean bi otordu, Olivier Harotzarenak eskuratu zuen eta gazte mailako argazkirik onenaren saria, Sorginen Etxeko produktu-lotea, Garazi Belda Xurio zugarramurdiarrak eraman zuen.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun